Press "Enter" to skip to content

Non atentzioa, han… neurozientzia

Neurozientzia nerbio-sistemaren ikerketa da. Gaur egun diziplinarteko zientzia bat da, beste eremu batzuekin ere batera aritzen baita: kimika, ingeniaritza, hizkuntzalaritza, matematika, medikuntza, filosofia… eta, nola ez, gorputz eta kirol hezkuntza.

Neurozientziaren lan eremua asko zabaldu da, beraz, eta orain ikerketa modu asko erabiltzen ditu nerbio-sistemaren hainbat eta hainbat alderdi (molekularrak, zelularrak, garapenekoak…) hobeto ezagutzeko. Neurozientzialariek erabilitako teknikak ere gero eta gehiago dira.

Hori guztia kontuan harturik, arretaz begiratu beharko genuke neurozientziak gorputz eta kirol-hezkuntzari egiten dion ekarpena. Horretarako, bada, hainbat lagunen artean idatzitako liburu batetik jasoko ditugu zenbait kontu: NeuroEF La REVOLUCIÓN de la Educación Física desde la NEUROCIENCIA, Irene Pellicer Royo (et al.), INDE Editorial, 2015.

Norberaren osasuna dago planteamenduaren oinarrian. Hots, nola egituratu gorputz eta kirol-hezkuntzaren lana pertsona osasuntsuak sortzeko. Horregatik euren lana osasunaren inguruan ardazten dute, eta bost alorretan banatzen dute:

  1. Osasun fisikoa. Gorputzaren gaineko lana aipatzen da alor honetan: nola zaindu, landu, elikatu… gorputza.
  2. Osasun mentala. Nolako eragina duen jarduera fisikoak osasun mentalean: errendimendu akademikoan, eraginkortasunean, lan-memorian, malgutasun kognitiboan…
  3. Osasun emozionala. Bizirik gaude emozio asko sentitzen ditugulako (atseginak, desatseginak…). Baina zein da nerabe baten talentuaren motorra? Pasioa. Hau da, emozio bat. Eta jakina da emozioek zuzen-zuzenean loturik daudela bai ikaste prozesuekin, bai gorputz fisikoarekin.
  4. Barruko osasuna. Gaurko egunean kanpoko estimuluak dira nagusi pertsona baten hezkuntzan eta bizimoduan (teknologia berriak). Baina inor gutxik jarriko du auzitan meditazioaren eta antzeko tekniken garrantzia pertsonen hezkuntzan eta bizitzan.
  5. Osasun soziala. Oso garrantzitsua da norberaren garapenerako familian, eskolan, kalean… jendearekin hartu-eman harmonikoak izatea. Baita ingurunearekin berarekin ere. Garapen orekatua eta aberatsa nahi izatera, behinik behin.

Osasunaren bost dimentsio horiek elkarri elikatzen diote etengabe; beraz, batera landu behar dira, osotasunean. Ez ahaztu euskaraz osasuna berreskuratzeari osatu esaten zaiola hizkera batzuetan: “berriz oso egotea”. Eta ez da kasualitatea kontzeptu bera erabiltzea hizkera germaniar batzuetan, “hale” (“oso”) zaharrago batetik sortu baitira gaur egungo “health” (ingelesez) eta “heilen” (alemanez), besteak beste.

Gai honetaz jarraituko dugu hizketan beste egun batzuetan.

2 Comments

  1. […] Aurreko idazki batean hitz egin genuen neurozientziaz eta kirol- eta gorputz-hezkuntzaz. Oraingo honetan lehendabiziko atalari buruz mintzatuko gara, labur-labur bada ere: neurozientzia eta osasun fisikoa. Ikerketa guztiek agerian utzi dute mugitze-jarduerek laguntzen dutela garuna garatzen. Hau da, gaitasun kognitiboak, besteak beste, hobetzen dira kirol- eta gorputz-hezkuntzaren bidez. […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: