Press "Enter" to skip to content

Automasajea

Nork bere buruari ematen dion masajeari deitzen zaio automasajea. Gero eta teknika eta tresna gehiago erabiltzen ari dira gaurko egunean automasajeak emateko: pilotak (hainbat neurritakoak), errodilloak, eskuak… Feldenkrais, Pilates, Yoga, Chi Kung… bezalako diziplinetan erabiltzen dira automasaje-ariketak, prestakuntza fisikoaren osagarri.

Baina, nola eman beharko litzateke automasaje bat?

Galdera horri erantzuteko, Nekane Ripodas Altzuetak (Guía de aprendizaje para la reordenación de la postura, 72. orr.) pilota txikien bidezko automasajeari buruz dioena ekarriko dugu hona:

Nolako materiala erabili?

  1. Hauexek hartuko ditugu kontuan pilota gogorxeago edo bigunxeago bat erabiltzeko:
    1. Nolako tentsio muskularra dugun.
    2. Nolako gaitasuna dugun erlaxatzeko masajeatu behar ditugun giharrak.

Nola eman automasajea?

  1. Bi modu nagusi daude automasajea emateko:
    1. Modu mekanikoa. Pilota behin eta berriz pasaturik masajeatu behar d(it)ugun atale(ta)tik, gorputza objektu bat balitz bezala erabilita.
    2. Alderdi mekaniko horri lan mental bat gehitzea. Horretarako, pilotaren laguntzaz antzemanen dugu non dagoen gihar-uzkurdura edo kontrakzioa, eta, gero, minduta dagoen toki hori erlaxatzen saiatuko gara.

Nola jokatzen du gorputzak?

Sistema nerbiosoak agindua eman behar dio gihar bati mugitzeko edo uzkurtzeko, giharrak ez baitu berez mugitzeko gaitasunik. Kontua da uzkurtzeko agindu gehien-gehienak modu inkontzientean emanik daudela. Horietako asko ume txikiak ginenetik daude emanik; gorputzean txertaturik geratu dira, eta ez gara batere kontzienteak haietaz.

Hori dela eta, giharra uzkurtzeko sistema nerbiosoak ematen duen agindu inkontziente horrekin batera erlaxatzeko agindu kontziente bat eman behar dugu, masaje hauen bidez lantzen diren giharrak uzkurtu eta erlaxatu baitaitezke. Horrenbestez, erlaxatzeko asmorik jartzen ez badugu, uzkurtuak egonen dira landu nahi ditugun giharrak, eta pilotaren lana hutsaren hurrena izanen da gehien-gehienetan.

Zenbat fase ditu automasaje baten lan mentalak?

Lan mental horrek hiru fase ditu:

  1. Antzeman non dagoen uzkurdura, pilotak erabilita.
  2. Uzkurdura dagoen tokian gelditu tarte batean, eta pilota (ikus 1. puntua) erabilita sakatu behar dugu alde horretan.
  3. Modu konszientean erlaxatu uzkurturik dagoen alde hori, geldi-geldi hats hartuz, postura eroso batean.

One Comment

  1. […] Aurreko batean aztertu genuen nola eman automasajeak pilota txikiak erabilita. Oraingo honetan, arrabolak erabilita egiten den edo egin daitekeen lanaz arituko gara. Dudarik gabe, modan daude arrabolak, gimnasioetako argazkiak ikusi besterik ez da egin behar. Baina, edozein tokitan erabil daitezke (etxean…), ez baita behar toki handirik horrelako tresna batekin lanean aritzeko. […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: