Press "Enter" to skip to content

Aratz Garmendia: “ondorengoei bidea leuntzen diena izan nahi dut”

Euskal Herrian Arte Martzial Mistoetaz hitz egitean izen bakarra datorkigu ahora: Aratz Garmendia

35 urterekin, imagina dezakegun modalitate guztietan borrokatu da Aratz. Irabazi daitekeen guztia irabazi du eta, orain, bere ibilbide profesionaleko aukerarik handiena dauka aurrean: uztailaren 1ean Road to Bellatorren parte hartuko du Las Palmasen. Lauko torneoa izango da, eta garaileak Bellator MMArekin kontratu bat sinatuko du.

Zure borroka-ibilbidea oso zabala izan da, zein uste duzu izan dela momenturik onena?

Onena, onena… espero dut uztailaren 1ekoa izatea. Road to Bellatorren borrokatuko dut eta irabazteak sari garrantzitsua suposatuko luke. Nahiz eta ez irabazi, badakit aukeraren bat izango dudala hango ikuskatzaile-arduradunek ikusten badute harmailak altxarazten ditudala. Horregatik, garrantzitsua da irabazteaz gain borroka ona eta intentsoa egitea.

Eta orain artekoa?

Gogoratzen dudan momenturik onena BECen borrokatu genuenean izan zen. 9.000 pertsonaren aurrean, gaur egun hori saskibaloian ere ez da ia-ia ikusten. Bilbon, Athleticek bakarrik ekartzen du holako jendetza. Gogoratzen dut nola egun hartan aldageletatik atera ginen borrokalari guztiak ringera, agurtzera… Gladiatorren koliseoko eszenaren modukoa izan zen, momentu ikaragarria, oilo ipurdia neukan.

“Asko gustatuko litzaidake lehen pauso hori ematen duena ni izatea”

Road to Bellatorren garaile ikusten duzu zure burua?

Bai, bai, bai! Horrelako aukera bat itxaroten ari naiz duela bi urte. Penintsula osoan, baina batez ere Euskal Herrian, oso atzean gaude AMMetan. Orain arte ezin izan ditugu eraman Europara gure borrokalariak; orain arte ez delako inor mugitu. Batek pausoa ematen badu, agian beste guztiak atzetik joango dira. Niri asko gustatuko litzaidake lehen pauso hori ematen duena ni izatea; beharbada, ez naiz izango goren iristen dena, baina bai, espero dut, hurrengoei bidea leuntzen diena izatea.

18767424_826974947450584_7784324808469289615_n
Aratz (eskuinean) eta Road to Bellatorreko gainerako partaideak

Borrokaz bizitzeko aukerarik badago?

Ezinezkoa da. Bueno, nik egiten dudana, klaseak ematen eta arte martzialetaz bizitzea bai, posible da, baina borrokatzez bizitzea ez. Nahiz eta Road to Bellator irabazi eta Bellatorrekin kontratua lortu, ez da nahikoa; hasiera batean, agian 1000 € edo 1200 € kobratuko dituzu. Eta urtean hiru borroka baino askoz gehiago egiten ez baduzu… Ezin da.

35 urterekin, nola sentitzen zara?

Gazte sentitzen naiz. Egunero entrenatzen dut, asko baino gehiago zentzuz entrenatzen dut, elikadura zaintzen dut… iritsiko da momentu bat non nire gorputzak nahikoa dela esango duen, baina oraingoz ez. Nire emazteak ere adin berbera dauka eta borrokalaria da; oraingoz ez dugu momentu horretan pentsatu ere egin. Zorte handia daukat emaztearekin, entrenamenduko kide guztiek esaten didate, zeren entrenatzera bultzatu eta animatzen nau beti. Orain, borroka garrantzitsua daukadala, entrenamenduetan zentratzen laguntzen dit; gauza batzuk alde batera utzi behar baditut ere. Gainera bera fisioa da, eta “txapa y pintura” guztia egiten dit.

Pisuarekin ere laguntzen dizu?

Bai, bai, berak badauka ezagutza elikaduraz eta neuk ere bai, IVEF ikasi nuen-eta. Bion artean bai kirolarentzat eta bai osasunarentzat onena dena bilatzen dugu, orekan. Bion artean erraza da, baina nik bakarrik egin behar banu galduko nintzateke. Berak, gainera, nire elikaduran pentsatzen denbora ematen du; horregatik ezin naiz kejatu.

Road to Bellatorren 65,7 kilotan borrokatuko duzu, oso handia zara, ezta?.

80kg ditut orain eta 1.86m neurtzen dut, baina inoiz ez naiz aurkaria baino indartsuagoa. Besteak konpaktoagoak, baxuagoak dira, muskulatura handiagokoak. Ni luzeagoa bai, nire belaunez aurkariaren ahoa jotzeko nire altuera garrantzitsua da. Bestalde, hankak defendatzeko tipo gogor eta indartsu baten aurka, oreka zentrua baxuago bat duena, ez da lan erreza. Horregatik, asko entrenatzen dut hori. Azkenean, zuk perfil antropomorfikoa hartu behar duzu kontuan, bai zure lana egiteko bai bestearen lana ekiditeko.

Nork laguntzen dizu lan hori prestatzen?

Eder Gomez da nire entrenatzailea, strikingeko entrenatzailea. Lurrean borrokatu nahi dudanean Haritza larrinaga eta Iker Cidekin entrenatzen dut. Eta bueno, orain MMAn borroka garrantzitsua daukadala espezialista bat bilatu dut: Mikel Cortes, Donostian.

“Denbora guztian iritsiko naizen lekura begiratzen badut, ez dut bidaiaz disfrutatuko leihotik begira”

Nola deskribatuko zenuke zure borroka estiloa?

Erasokorra, oso erasokorra, esku gogorrak eta belaun gogorrak. Eta orain lehen baino inteligenteagoa. Lehen, borrokatzera ateratzen nintzenean irabazi gogor edo galdu gogor zen; horregatik “Kamikaze”. Oraindik nire bertute hori explotatzen jarraitzen dut, baina ez noa itsu-itsuan aurkaria akabatzera. Horrek, batzuetan, ni neu akabatua izatera eraman bainau.

Eta etorkizunari begira, non ikusten duzu zure burua?

Bueno, nik, azkenean, hilero egiten dut borrokaren bat. Nire ikusmira ez doa, adibidez, gabonetara. Nire begirada, orain, uztailean dago, eta uztailaren ondoren irailean egongo da, eta gero urrian. Azken batean, hau oso bidai polita da, eta denbora guztian begira banago iritsiko naizen lekura, ez dut bidaiaz disfrutatuko leihotik begira. Eta orain oso gustura nago leihotik begira.

 

Gehiago:

Borroka ia denak lurrean bukatzen dira, egia ote?

Kerman Lejarraga, “Herriaren Txapelduna”

2 Comments

  1. […] Aratz Garmendiak kontatzen zigunez, “(Kerman) Europako txapelduna izango da laster”, eta ikusleek, orokorrean, borroka hori gerta dadin interesa azaldu dute. […]

  2. […] kontatu zigun bezala, ondoren datozen borrokalariei bidea zabaldu nahi die Aratzek eta hauxe da horrenbeste itxaron duen aukera. Aurrean Aridane Romero izango du eta garaipena lortuz […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: