Press "Enter" to skip to content

Borroka ia denak lurrean bukatzen dira. Egia ote?

Bolo-bolo dabilen kontua da hori, eta jende asko eta asko erabat sinestaturik dago hala dela; hau da, kaleko edo tabernetako borroka gehien-gehienak –%90 inguruko datua ematen dute batzuek– lurrean bukatzen direla. Egia edo mito hutsa?

Gavin Mulholland borrokalari ohiak artikulu bat idatzi zuen orain dela urte batzuk gai honetaz, eta haren iritzia ekarriko dugu hona. Borrokalari ohia izateaz gainera, hainbat arte martzialetan aritzen da ikasle eta irakasle. Klubetako atezain eta zaindari ibili da, era berean, Erresuma Batuko hainbat tokitan. Hori dela eta, behin baino gehiagotan tokatu zaio zuzenean parte hartu behar izatea borroketan, edo mutur-joka ari ziren beste batzuk banantzen saiatu behar izatea. Badaki, beraz, zertaz ari den hizketan.

Iritzi honen jatorria: 1998. urtean Los Angeles Times Magazine egunkariak argitara eman zituen Los Angeles-ko Polizia Departamentuaren (LAPD) txosten baten zenbait ondorio. Besteak beste, hauxe zioten: “… indarra erabilita egin diren hainbat atxiloketa aurrez ikusi ahal izanen ziren, edo askoz ere hobeki bideratu ahal izanen ziren, baldin eta parte hartu zuten poliziek entrenamendu hobea izan balute”. Hori esateko arrazoia, bestalde, izan zen atxiloketa horien bi herenak (%62) hala poliziak nola atxilotuak lurrean zeudela egin zirela, eta badirudi LAPDko poliziak ez zeudela prestaturik atxiloketak lurrean egiteko.

Baina bada arazo txiki bat: atxiloketa horiek ez dira egiazko borrokak. Gehienez ere, bietako batek egiten du borroka, bestearen lana baita, besterik gabe, atxilotua mendean hartzea, eta hori dela-eta maiz-maizenik bukatzen dute “borroka” horiek lurrean. Hala ere, LAPDk emandako datuak ikusita hamarretik sei bukatzen dira lurrean, ez bederatzi.

Eta zer gertatzen da kaleko borroka arrunt batean? Esaterako, taberna edo dantzaleku batean goizeko ordu txiketan gertatzen den horietako batean? Hor, bai, Gavin Mulholland-ek dioenez horrelako borroka askok eta askok bukatzen dute lurrean. Izan ere, horrelako borroketan parte hartzen duten gehienen ezaugarriak hauexek dira: entrenatu gabekoak dira, borrokarako gaitasun gutxi daukate, mozkorturik daude… Besoak haize-errotak balira bezala mugitzen hasi, elkarren kontra talka egin… eta lurrera erori, dena bat da.

Eta, horrelakoetan ere, aditu batzuek diote lurrean bukatzen duten borroken kopurua gertuago dagoela %40tik %90etik baino. Bi arrazoi nagusi ematen dute horretarako:

  1. Borrokatzeko gaitasun eskasa izateagatik. Berehala nekatzen dira eta gorputzez gorputz borrokatzen hasten dira, eta hortik lurrera pauso bat besterik ez da.
  2. Borrokalariren bat oztopatu eta erortzen da.

Eta zer gertatzen da emakumeen kontrako erasoetan? Horrelakoetan bai, gehienetan lurrean bukatzen dira eraso horiek, eraso sexualak baitira asko eta asko. Baina, horiek egiazko borrokak al dira?

 

 

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: