Press "Enter" to skip to content

Neurozientzia eta osasun fisikoa

Gorputza bizi osorako da: zain ezazu!

Aurreko idazki batean hitz egin genuen neurozientziaz eta kirol- eta gorputz-hezkuntzaz. Oraingo honetan lehendabiziko atalari buruz mintzatuko gara, labur-labur bada ere: neurozientzia eta osasun fisikoa. Ikerketa guztiek agerian utzi dute mugitze-jarduerek laguntzen dutela garuna garatzen. Hau da, gaitasun kognitiboak, besteak beste, hobetzen dira kirol- eta gorputz-hezkuntzaren bidez.

Baina, zein izan daiteke osasun fisikoaren helburu nagusia? Erantzun erraza ematen dute neurozientzaren esparruan lanean aritzen direnek: egunerokoan bizi-ohitura osasuntsuak izatea. Eta horretarako gomendatzen dute hainbat alderdi kontuan hartzea. Kasurako:

  1. Higienea. Oinetako eta arropa egokia erabiltzea kirola egitean (baita gorputza garbitu eta arropa aldatu ere kirola egin ondoren).
  2. Gorputzaren posturak. Nola altxatu ohatzetik, aulki batetik…; nola jaso pakete bat; nola eraman motxila; nola eseri ordenagailuaren aurrean…
  3. Ohitura toxikoen prebentzioa. Hausnartu zer-nolako eragina duten tabakoak, alkoholak, drogek edo dopatzeak osasunean.
  4. Lehen laguntza, segurtasuna eta istripuen prebentzioa. Nola egin kirola bero edo hotz handia bada, nola erreakzionatu zaurituz gero, nola lagundu zauriturik dagoen beste lagun bati…
  5. Elikadura. Otorduak behar den garaian egin, jaki egokiak erabilita. Ura edatea, bestalde, oso garrantzitsua da, ez bakarrik gorputza hidratatzeko (horretaz hitz eginen dugu beste egun batean), baizik eta atentzioa eta ikasketa prozesua bera hobetzeko. Horregatik nekez uler daiteke ikastetxe batzuetan galeraztea ikasleei ura edatea klase garaian.
  6. Jarduera fisikoa. Ohiturak hartzeak esan nahi du erregulartasunez egiten dela kirolen bat. Izan daiteke, adibidez, jarduera aerobiko moderatua, laguntzen baitu garuna garatzen eta gorputzaren osasunari eusten.
  7. Teknologia. Eskura ditugun baliabide teknologikoetako aplikazioak-eta (2.0-koak) erabil daitezke osasun fisikoa hobetzeko, partekatzea bera erakargarria baita jende askorendako.
  8. Aisialdia. Kirol- edo gorputz-jarduerak modu erregularrean egiteak bidea ematen du aisialdiak modu osasuntsuan programatzeko. Bide bat izan daiteke, era berean, sedentarismoa, gehiegizko pisua eta neuronen atrofia edo heriotza ebitatzeko.

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: