Press "Enter" to skip to content

Tunel-ikusmena: salbuespena edo ohikoa?

Gure garunak antzematen badu mehatxuren bat, edo gure bizia arriskuan egon daitekeela, erreakzionatzen du estutzen gure ikusmen-eremua mehatxu edo arrisku horren gainean. Hau da, begirada periferikoa galtzen dugu eta gure ustez mehatxua edo arriskua dagoen tokian zentratzen dugu. Horrexegatik deitzen zaio tunel-ikusmena, tunel edo hodi batetik begira egonen bagina bezalakoa baita. Erantzun psiko-fisiologikoa da, instintiboa, gizakiak bizirik irauteko ezinbestean behar duena.

Amidgala 1.png

Adrenalina

Beraz, estres egoera batekin lotzen da gehien-gehienetan tunel-ikusmena, eta horrelakoetan, jakina, gorputzak adrenalina sortzen du, eta horrek bizirik irauteko ezinbestekoa den kemen edo energia ematen du. Baina, aldi berean, pentsamendu kritikoa, entzuteko gaitasuna eta mugimendu-gaitasun batzuk mugatzen ditu. Adrenalinari esker begi-niniak zabaltzen dira, eta bat-batean argi asko sartzen da begietan, betarik eman gabe hartara egokitzeko. Argitasunaren gehitze horrek ekartzen du tunel-ikusmena, eta ikusmen periferikoa galtzea.

Betiko adibidea

Zer gertatuko litzateke pertsona bat laban batekin gure kontra mehatxuka ibiliko balitz? Ba, horrelako esperientziaren bat izan duten edo aztertu duten gehienek erantzuten dute esanez begirada labanaren gainean zentratzen dugula, eta labanaren mugimenduak besterik ez dugula ikusten. Hau da, inguruan gertatzen dena desagertzen da gure begietatik.

Ernetasun-maila

Kirolari baten ernetasun-maila neurtzen da nerbio-sistema zentralaren aktibazio eta urduritasun mailaren arabera. Horrek berebiziko garrantzia du bizkor eta zehatz  aritzeko garaian kirol bat praktikatzen dugunean. U alderantzikatuaren printzipioa erabiltzen dute batzuek hori zehazteko:

U iraulia 2.png

Printzipio horren arabera, kirolari baten ernetasun-maila oso baxua bada, edo oso altua, ezin izanen du punta-puntako errendimendua garatu. Beraz, ernetasun-maila egoki bat behar da errendimendu ona izateko.

Nolako eragina du ernetasun-mailak tunel-ikusmenean? Frogaturik dago ernetasun-maila baxua bada, kirolaria zentratzen dela garrantzi gutxiko seinaleetan. Oso altua bada, berriz, pertzepziorako gaitasuna estutuz joaten da, eta tunel-ikusmena sortzen da. Hori gertatuz gero, erreakzionatzeko denbora gero eta handiagoa izanen da.

Entrenamendua

Entrenamendu berezirik egin daiteke tunel-ikusmenaren eragin kaltegarria gutxitzeko?

Begirada norabide guztietan finkatzeko ariketak egitea proposatzen dute batzuek: ezkerraldean-eskubialdean-diana; gora-behera-diana; ezkerraldean-diana-eskubialdean; gora-ezkerraldean-behera-eskubialdean-erdian gertu-erdian urruti…; begirada periferikoa;…

Jakinda tunel-ikusmena noiz gertatzen den, ba, saiatu behin eta berriz egoera horiek bizitzen atzera, harik eta tunel-ikusmenaren eragina gutxitzea lortu arte.

Horrenbestez, oso ohikoa da tunel-ikusmena; ez da batere salbuespena. Baina landu daiteke; etengabeko jarduerak eta esperientziak laguntzen dute haren eragin kaltegarria gutxitzen.

 

One Comment

  1. […] aurreruntz eta pittin bat beheruntz. Ez fokalizatu begirada; utzi irekitzen (tunel-ikusmenaren kontrakoa da). Edo, bestela, begiak itxita egin, hasieran askoz hobeki antzematen baitira […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: