Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (7)

Tao Te Ching

Lao Tse

7

Tao-a infinitua eta betierekoa da.

Zergatik da betierekoa?

Ezin delako inoiz hil,

ez baita inoiz-inon jaio.

Zergatik da infinitua?

Izaki guztien baitan dagoelako presente,

ez baitu inongo desiorik bere buruarendako.

 

Maisua gibelean gelditzen da,

horregatik dago aurrean.

Askaturik dago denetik;

horregatik egiten du bat denarekin.

Bere buruaz ere askaturik baitago,

haren osotasuna perfektua da.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

Hedabideetako langileek badakite askoz gehiago saltzen dutela berri txarrek onek baino; berri txar horiek “besteei” buruzkoak badira, jakina, norberari onak jasotzea gustatzen baitzaio.

Mendebaleko jendartean oso zabaldurik dago pertsonak “Ni” izeneko gauza bat duelako ideia, eta zoriontsua izateko autoestimuari eutsi behar zaiola. Autoestimu hori indartzeko autolaguntzako liburu ugari dago liburudendetan. Era berean, psikoterapia-industria hazi samarra dago bezeroen “Ego”ak osasuntsu mantentzeko. Eta, zer esanik ez, industriarik handiena… botikarena da, jendearen gogo-aldartea eta ongizateko sentsazioak pizteko.

Botika.JPG

Laburbildurik, inoiz baino autolaguntzako liburu gehiago dago gaur egun, inoiz baino psikoterapia-mota gehiago dago, inoiz baino medikamentu gehiago dago… eta inoiz baino zorigaiztoko jende gehiago dago! Zer egiteko, bada, neurri horiek guztiak? Ustezko arazo edo gaitz horiek konpontzeko, edo zorigaitza areagotzeko?

Lao Tse-ren arabera, zoritxarraren lehen arrazoia da “Ni”az uste ustela izatea. Hori guztia okertzeko, “Ego” on eta osasuntsuaren mitoa zabaldu dute, “Egoa” berez txarra eta kaltegarria dela jakinda. Beraz, “Ego” on eta osasuntsua izateko ahalegin guztiek kontrakoa lortzen dute: gero eta txarragoa eta kaltegarriagoa izatea, eta jabea gero eta zorigaiztoagokoa. Marrazo bat bezalakoa da “Ego”a: jangura ase-ezina du. Ez du lorik egiten; beti gose. Sekula ez da bare, ezin baita ase.

Horregatik diote taoistek zoriontsua izateko zeure “Ego”az askatu behar duzula: osotasun (osasun) perfektua izan nahi izatera, behinik behin.

 

Lou Marinoff (The Power of Tao)

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: