Press "Enter" to skip to content

Neurozientzia, jarduera fisikoa eta osasun mentala

Mugimendurik gabe ez dago ez bizirauterik, ez ongizaterik. Mugitzeko diseinatu gaitu eboluzioak, nahiz eta gaurko egunean mendebaleko gizartea gero eta sedentarioagoa izan. Mugimenduak berez onurak ekartzen dizkio osasun fisikoari; eta osasun mentalari? Antzina-antzinatik frogaturik dago jarduera fisikoak eragin positiboa duela osasun mentalean. Grezia klasikoan, adibidez, garrantzi handia hartu zuen hezkuntza fisikoak bizitzaren arlo guztietan, baita osasun mentalean eta ikasketa prozesuetan ere. Ez da kasualitatea “gimnasio”, “olinpiada”… bezalako kontzeptuak handik ekarritakoak izatea.

Galdera nagusia, beraz, hezkuntzaren ikuspegitik, hauxe da: eraginik al du hezkuntza fisikoak ikasketa prozesuetan? Hau da, mugitzeak laguntzen digu hobeki ikasten eta gogoratzen? Kontuan harturik, jakina, “ikasi eta gogoratu” prozesuek duten garrantzia gure bizi-garapenean eta, hortaz, gure osasun mentalean.

Ikerketa neurozientifikoek frogatu dutenez, jarduera fisikoa maiztasunez egiteak laguntzen du osasun mentala hobetzen. Zergatik?

  1. Faktore neurotrofikoak: neurona kopurua (neurogenesia), odol-kapilarrak eta neuronen arteko loturak (sinapsiak) handitu egiten dira kirola egiten dugunean.

Denbora luzez pentsatu izan bada ere ezin zela neuronarik sortu gure burmuinean, ikerketek erakutsi dute hori gerta daitekeela garunaren zenbait alderditan; adibidez, hipokanpon. Eta, hor, besteak beste, oroimenari buruzko prozesu asko gertatzen dira. Horrenbestez, ikasitakoa hobeki gogoratzeko ate bat da hipokanpoa.

hippocampus 2.png

Jarduera fisikoak hipokanpoa eta ganglio basalak estimulatzen ditu, haien bolumena handituz.

2. Neurotransmisore batzuk ere ugaldu egiten dira jarduera fisikoa praktikatzean: noradrenalina, dopamina, endorfinak… Eta horiek guztiek laguntzen digute hobeki gogoratzen ikasitakoa, eta umore eta ongizate hobea izaten ikastean.

Beste ikerketa batzuek, bestalde, erakutsi dute gazte garaian kirola maiz praktikatu dutenek buru-gaitasun hobeak dituztela zahartzaroan praktikatu ez dutenek baino.

Horrenbestez, zuzena al da matematiketan makal dabilen ikasleari hezkuntza fisikoa praktikatzeko duen ordu-kopurua murriztea? edo, eskolaz kanpoko jarduera fisiko guztiak erabat bertan behera uztea, matematikak lantzeko errefortzu-ordu gehiago behar dituelako? Beste irtenbiderik ez dago? Badirudi neurozientziak beste bide batzuk zabaldu nahi dituela: bide interesgarriak, dudarik gabe.

 

One Comment

  1. […] Aurreko baten aipatu genuen gorputzak neurotransmisoreak sortzen dituela jarduera fisikoa egiten dugunean: endorfinak, serotonina, dopamina, oxitozina eta noradrenalina. Beraz, hartu-eman zuzena dago jarduera fisikoaren eta gorputzaren egoeraren artean, eta jarduera fisikoaren eta emozioen artean. Hiru esferen metafora erabiltzen da pertsona baten ongizatea erregulatua dagoen edo ez zehazteko: […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: