Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (8)

Tao Te Ching

Lao Tse

(8)

 

Ontasun gorenekoa ura bezalakoa da;

den-dena elikatzen du, nahi gabe.

Jendeak gutxiesten dituen behe mailako tokiekin konformatzen da.

Horregatik da Tao-a bezalakoa.

 

Bizitzean, bizi lurretik gertu.

Pentsatzean, eutsi errazari.

Gatazkan, izan zuhurra eta eskuzabala.

Gobernatzean, ez saiatu kontrolatzen.

Lan egitean, egin plazer ematen dizuna.

Familia-bizitzan, egon beti-betean presente.

 

Besterik gabe zu zerau izaten kontentatzen bazara,

besteekin alderatu edo lehiatu gabe,

denek errespetatuko zaituzte.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

Tao te ching 8-2.jpg

Nork bere interesen alde jokatzeko bizi gara, bizirik irauteko senak hala agintzen baitu. Geure larru barrenean bildurik bizi gara, beste inoren larru barrenera sartzen ahaleginik egin gabe. Horregatik, ba, gure barrenean bizi den Ni hori oso egozentrikoa da: berekoia da; atsegina eta laudorioak bilatzen ditu; hainbat eta hainbat gauzen jabe izateko irrikan dago; gutxietsia denean, mina duenean… sufritu egiten du. Ezin da askietsia izan denbora luzez. Egozentrikoa da eta, hala ere, ez da gure izatearen zentroa, Ni hori Ego-a baita. Gure etsairik handiena.

Ego-a barrenekoa da, norberak ezagutzen duena; Ni-a, berriz, kanpokoa da, besteek ezagutzen dutena. Beraz, Ego-a harroturik badago, kanpoko Ni hori ere harroa, desatsegina izanen da. Ego hori hustua bada, Ni-a apala, atsegina izanen da. Zeure burua beti lehen eta gauza guztien aurretik jartzen baduzu behin eta berriz modu txar eta interesatu batez, ez zara interesgarria izanen jendearendako, eta inor gutxik errespetatuko zaitu. Baina besteen aldeko interesa erakusten baduzu, zeurekoi izan gabe, lasai-lasai, besteek errespetatuko zaituzte.

Noiz ematen dute onena kirolariek, musikariek, aktoreek…? Euren buruaz (Ego-az) erabat ahazturik aritzen direnean ematen dute onena. Ego-ari euren jarduna bideratzeko aginduz gero, zailagoa izaten da hori lortzea.

Zergatik sortzen da, azken batean, beldur eszenikoa? Maiz, Ego-ari lotuegia izateagatik, Ego horren gaineko kontzientzia handiegia eta harrotuegia izateagatik sortzen da beldur eszenikoa.

 

Lou Marinoff (The Power of Tao)

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: