Press "Enter" to skip to content

Automasajea: errekuperazioa eta arrabolak (errodilloak)

Aurreko batean aztertu genuen nola eman automasajeak pilota txikiak erabilita. Oraingo honetan, arrabolak erabilita egiten den edo egin daitekeen lanaz arituko gara. Dudarik gabe, modan daude arrabolak, gimnasioetako argazkiak ikusi besterik ez da egin behar. Baina, edozein tokitan erabil daitezke (etxean…), ez baita behar toki handirik horrelako tresna batekin lanean aritzeko.

Arrabola 2

Ikuspegi askotatik lantzen da: hidratazioa hobetzeko, gorputza orekatzeko… eta, batez ere, giharrak errekuperatzeko erabiltzen da. Hau da, automasaje honen bidez giharrak errekuperatu eta haien luzera eta mugimendua handitzen dira, edo handi daitezke, arrabolak ongi erabiliz gero. Goiko irudiak erakusten duenez, mota eta tamaina askotakoak izan daitezke.

Noiz erabili?

Kirola edo ariketa fisiko handia egin ondoren, ohikoa izaten da giharretan korapiloak sortzea “trigger points” edo “puntos gatillo” deitutakoetan, eta korapilo puntu (kako puntu) horiek dira askatu eta erlaxatu beharrekoak. Korapilo horiek askatzen eta erlaxatzen ez badira, giharren mugimenduak eta luzera txikitu egiten dira.

Triggre puntuak

Min handia edo lesioren bat izanez gero, jakina, mediku, fisioterapeuta edo masajista batengana joan beharra dago, arrabolak nekez sendatuko baitizu lesioa.

Nola erabili?

Orri hauetara beste batzuek guri erakutsitakoa eta gure eskarmentuaren bidez ikasitakoa ekarriko dugu; jakin badakigun arren hoberen-hoberena dela beste baten laguntzaz ikastea.

Labur-labur azaldurik, honelaxe erabiltzen dugu guk arrabola gerritik behera (gerritik gora beste modu batez egiten dugu, eta beste egun batean azalduko dugu):

  1. Arrabol bigun bat erabiltzen dugu, errazago baita giharrak erlaxatzea eta sakon-sakonean eragitea. Mina sentituz gero, giharrak uzkurtu egiten dira, eta zailagoa izaten da erlaxatzea.
  2. Izterrak, ipur-masailak, aztalak… txandaka arrabolaren gainean jartzen ditugu, eta askatu nahi dugun tokian presionatzen dugu.
  3. Presionatze hori ongi egiteko, kontua hartu honako hauek:
    1. Aldatu norabideak: goitik behera eta behetik gora, ezker-eskuin eta biribilak eginez (bi noranzkoetan).
    2. Gure gorputzaren pisuak agintzen du gehiago edo gutxiago presionatzeko. Nolanahi ere, hobe da minik ez sentitzea.
    3. Ez ukitu hezurrak, batez ere arrabola gogor samarra bada.
  4. Jakina, Interneten ariketa asko dago ikusgai, eta zeure kabuz hastea erabakitzen baduzu, hobe da arrabol bigun-bigun bat erabiltzen hastea, eta ariketak poliki-poliki egitea; ongi egiten ikasi artio, behinik behin.

DSC_0086

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: