Press "Enter" to skip to content

Zhan Zhuang: arbolaren postura (1)

Ez-eginez egin ezazu,

eta gauza bakoitzak dagokion tokia beteko du.

Horrelaxe bukatzen du Tao Te Ching-aren hirugarren kapitulukoak. “Ez-eginez egin ezazu” kontzeptu abstraktu horretatik zeozer zehatzagora pasatu nahi izanez gero, galdera hauxe egin dezakegu: geldirik egonda mugimendua sor daiteke? Hau da, “mugi zaitez mugitu gabe” bezalako kontzeptua erabil dezakegu zehazteko goiko hori, zenbait alorretan.

Mugimendua hala gorputzaren kanpoko aldean, nola barruko aldean gertatzen da. Guk oso erraz antzematen dugu kanpoko mugimendua besoen, hanken… mugimenduen bidez. Baina horrekin batera bada beste mugimendu bat, etengabekoa, gure barnealdean: odol zirkulazioa, arnasaren bidezkoa… Oso interesgarria da bilatzea eta sentitzea barruko mugimendu hori geldirik gaudenean; eta, alderantziz, mugimendurik eza mugitzen ari garenean.

Zhan Zhuang esapidea erabiltzen da txineraz arbolaren posturak izendatzeko. Hau da, postura horietan pertsona geldi-geldirik egoten da, zutik, mugitu gabe (arbola baten tankera hartzen du). Arbola besarkatzea da postura ohikoena. Barruko mugimenduak antzematen saiatu behar da; horretarako, arnasari erreparatu diezaiokezu (aldatzen saiatu gabe), eta zure barruan gertatzen diren aldaketa eta mugimendu guztiak igarri. Adibidez: beroa (hotza), hesteen mugimenduak, giltzurrunek egiten duten lana… Gorputza erlaxaturik egon behar da, tentsioak ez baitizu utziko barruko mugimenduak antzematen. Eta hortxe dago koska, hasieran zaila baita erlaxatzea gorputza geldirik egonda, mugitu gabe, eta zutik (ez, ordea, etzana).

images

Mendebaldean ohiturik gaude aurretik teoria jaso eta, gero, alderdi praktikoa lantzen hasten gara. Gure gomendioa: landu ezazu egunero arbolaren postura. Aurreneko astean, 5 minutu; bigarrenean, 8; hirugarrenean, 10… 20/30 minutu egon arte. Eta hainbat hilabetez praktikatu ondoren, atera atera beharreko ondorioak. Hots, lehenik landu zure alderdi intuitiboa.

Gaurkoan, Zhan Zhuang edo arbolaren postura egiten hasi baino lehenago, egin ohi den sarrerako postura azalduko dugu. Postura horrek Wu Chi du izena, eta hiru-bost minututan egiten da, kontzentrazioa lantzen hasteko: “hemen eta orain” kontzeptuari lotzen zaio bete-betean. Jakina, gorputza beti dago “hemen” eta “orain”, ez baitauka beste erremediorik; burua, aldiz, maiz egoten da lehenaldian (gertatutakoak gogoratzen) edo geroaldian (oraindik gertatu ez diren gauzetan zentratua), eta horixe da egin beharreko lehenbiziko lana: orainaldira ekartzea.

wu chi Elemental Tai Chi

Arg.:Elemental Tai Chi.com

Wu Chi postura:

  • Non egin? Hobe aire zabalean egiten baduzu. Etxe barruan bada, zabaldu leihoren bat (norberak ikusiko du nolako giroa jarri nahi duen: argizariak, musika…). Eguzkiari bizkarra eman, eta aurrez aurre zuhaitz bat baduzu, primeran.
  • Zutik jarri, irudiak erakusten duen moduan, eta ez mugitu.

Arreta-guneak:

  • Gorputzaren tentsioak, eta nerbio-sistema. Erlaxazioa.
  • Oinak, sorbalden zabaleran (edo aldaken zabaleran, aldakak sorbaldak baino zabalagoak badira). Paraleloan, aurrera begira, edo pittin bat kanporuntz (inolaz ere ez hamarrak eta hamar markatuz).
  • Zabaldu pittin bat belaunak, erlaxaturik egon daitezen.
  • Eskuak-besoak zintzilik aldeetan, erlaxaturik.
  • Erlaxatu hatzak (askotan tentsioan izaten ditugu. Erreparatu hatzei, nahi baldin baduzu, egun oso batean, eta ikusiko duzu nola askotan tentsioan dauden).
  • Sorbaldak eroririk, erlaxaturik.
  • Utzi erortzen bularraldea, lagunduko baitizu arnasa beheraxeago hartzen.
  • Irudikatu gorputz osoa zintzilik dagoela burutik, txotxongilo bat bazina bezala.
  • Begirada: aurreruntz eta pittin bat beheruntz. Ez fokalizatu begirada; utzi irekitzen (tunel-ikusmenaren kontrakoa da). Edo, bestela, begiak itxita egin, hasieran askoz hobeki antzematen baitira barruko mugimenduak.
  • Utzi pittin bat erortzen okotza, lepoaren atzealde osoa luza dadin.
  • Erlaxatu sabelaldea eta ipur-masailak, eta utzi erortzen bizkarrezurraren beheko aldea (lunbarretakoa), lordosia ahalik eta txikiena izan dadin.
  • Arnasa hartu lasai-lasai, modu naturalean. Sudurretik hartu eta eman. Ahoa itxita dago, baina ez da indarrik egin behar.
  • Egon geldirik, erlaxaturik.
  • Zenbat denbora? Gehienez ere 5 minutu.

Gogoratzeko gauza asko dela eman badezake ere, gogoan izan aski dela egunero minutu batzuk gordetzea (ahal bada, goizean goiz) postura lantzeko, eta aste batzuetan di-da batean eginen dute bat gorputzak eta buruak.

Beste batean jarraituko dugu bide hau lantzen.

2 Comments

  1. […] bukaeran, edo bukatuxea dagoenean, erreka baten ondoan geldi-geldirik egoten gara, zutik, zutabe baten moduan, errekarekin bat eginez. Hartara, arnasa hartzen dugunean, irudikatzen dugu errekaren ura -baita […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: