Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (10)

Tao Te Ching

Lao Tse

10

 

Konbentzitzen ahal duzu zure burua harat-honat ibil ez dadin,

eta jatorrizko batasunean egon?

Lortzen ahal duzu zure gorputza haur jaioberri batena

bezain malgu bihurtzen?

Argitzen ahal duzu zure barruko ikusmena,

argia bakarrik ikusi arte?

Maitatzen eta gidatzen ahal duzu jendea

zure borondatea ezarri gabe?

Aurre egiten ahal diezu hil edo biziko arazoei,

gertaerei beren bidea egiten utzita?

Urruntzen ahal zara zeure gogamenetik,

eta horrela den-dena ulertu?

 

Sorrarazi eta elikatzea,

edukitzea ezeren jabe izan gabe,

jardutea inongo itxaropenik izan gabe,

zuzentzea batere kontrolik izan gabe:

horra goreneko bertutea.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

Lehenik eta behin ikasi behar duzu kontzentratzen. Horretarako, ez egin kasurik inguruari (telefonoa, ordenagailua, telebista…); bestela, inguruak ez dizu utziko kontzentratzen. Bigarrenik ikasi behar duzu arnasa erregulatzen, burua argitzen eta gorputza erlaxatzen laguntzen baitu arnasketak. Eta, hirugarrenik, ikasi behar duzu gorputza malgutzen, haur txiki batena balitz bezala. Malgutasuna erlaxazio sakona da.

Jatorrizko batasuna edo bloke ukigabea (Lou Marinoff) zuzen-zuzen lotzen da egiten uztearekin. Hau da, “gertaerei beren bidea egiten utzi”. Beste ikuspegi batetik begiraturik, estres mailarekin dago hartu-emanetan kontzeptu hori. Hil edo biziko egoera bati aurre egiteko, gure burmuin primitiboena aktibatzen da, eta erantzuna hauxe izaten da: borroka edo ihes egin (fight-or-flight).

Baina bada hirugarren aukera bat: ezer ez egitea, geldirik egotea. Jokamolde hori biziaren beste egoera batzuetara ere zabaldu daiteke, kontzentrazioa, erlaxazioa eta malgutasuna gure biziaren alderdi guztiekin lotzen baitira. Horregatik deitzen zaio bertute gorenekoa, biziaren ardatzari eusten diolako, bete-betean. Estresa kontrolatzen laguntzen du, eta estres kaltegarriari galga jartzen dio. Beraz, tresna interesgarria eta garrantzitsua izan daiteke bizimodu modernoari aurre egiteko.

 

Lou Marinoff (The Power of Tao, moldatua)

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: