Press "Enter" to skip to content

Kerman Lejarragak hirugarren roundean KO utzi zuen Cosio

Bigarren roundean makurtu zitzaion borroka Kermani baina buelta ematea lortu zuen

Kerman Lejarragak Azael “Turbo” Cosio KO utzi zuen, Kastro Urdialesen. Errebolberrari bigarren roundean makurtu egin zitzaion borroka, baina gogor eutsi zion, egoerari buelta eman eta hirugarrenean panamarra lotara bidali zuen.

Lehen roundean Lejarragak lan txukuna egin zuen, ezker gogorrekin irekidurak bilatuz. Cosiok bere momentua itxaron zuen; atzeraka ibili zen lehen txandan.

Bigarren roundean arazoak izan zituen Kermanek, panamarrak buruaren atzealdean eman zion eta lurrera joan zen. Arbitroak ez zion kontaketarik egin eta erabaki eztabaidatsua izan zen. Altxatzean, eskuak behean zituela panamarraren ukabilkada batek bete-betean harrapatu zuen Morgakoa.

Arbitroak ezin izan zuen gertatutakoa era egoki batean kudeatu eta Kermanek amorruz egin zuen aurrera, kolpe trukearen bila.

 

 

Hirugarren roundean panamarrak estrategia akats argia egin zuen, pazientziaz lan egin ordez KOa bilatu baitzuen. Kermanek harri bat bezain gogorra dela erakutsi zuen berriro ere, eta bere ukabil boteretsuek soken aurka txoribilduta utzi zuten Cosio, harik eta jokoz kanpo utziko zuen eskuin galanta iritsi arte.

23. garaipena, 19.a KOz

Panamarrarekin 19 dira jada Kermanen ukabilek jokoz kanpo utzi dituzten boxeolariak. Errekor galanta du dagoeneko (23-0-0) eta azaroan Espainiako gerrikoarengatik borrokatuko du Jose del Rioren aurka. Geratu gabe aurrera doa Errebolberra.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: