Press "Enter" to skip to content

Zhan Zhuang: arbola besarkatzen (2)

Orain dela bi aste, Wu Chi postura azaldu genuen, eta aipatu genuen Zhan Zhuang edo arbolaren postura egiten hasi baino lehenago egin ohi den sarrerako postura dela. Zhan Zhuang kontzeptu eta praktika horren barruan hainbat postura daude, baina denek dituzte ezaugarri hauek:

  1. Zutik egiten dira.
  2. Geldi-geldi egoten da pertsona, postura lantzen ari den bitartean; hau da, ez dago kanpoko mugimendurik.
  3. Gorputza zuzen eta lerrokaturik egoten da, goitik behera eta behetik gora. Gorputz-atalen arteko batasuna bilatzen da.

Aurrekoan aipatu genuenez, geldirik egonda azelerazio bat gertatzen da gorputzaren barruko mugimenduetan. Hori dela eta, errazago antzeman daitezke barruko sentsazioak.

Zutik egonik, eta besoak gorputzaren aurrean jarririk, baloi bat besarkatuko bagenu bezala, aurre egin behar diogu grabitatearen indarrari. Eta horrek, nahitaez, tentsioa sortzen du sorbaldetan, besoetan eta belaunetan, batez ere. Batetik, gorputzari utzi behar diogu lurrean hondoratzen; bestetik, goruntz luzatu behar dugu, bizkarrezurra eta gainerako gorputz-atalak behar bezala lerrokatzeko.

Beraz, aurreneko lana artikulazioak eta giharrak erlaxatzea izanen da, eta horretarako burua lasaitu eta erlaxatu beharko dugu aurretik. Pazientzia hartu beharra dago, pixkanaka-pixkanaka egiten baita aurrera, minutuz minutu luzatuz egunetik egunera. Gure gomendioa: landu ezazu egunero arbolaren postura. Aurreneko astean, 5 minutu; bigarrenean, 8; hirugarrenean, 10… 20/30 minutu egon arte. Eta hainbat hilabetez praktikatu ondoren, atera atera beharreko ondorioak. Hots, lehenik landu zure alderdi intuitiboa.

Erabil ezazu irudimena gorputza eta burua erlaxatzeko. Irudikatu, adibidez, uretan sarturik zaudela, eta zure gorputza eroso-eroso dagoela, pisurik gabe; edo belaunetatik behera hondoraturik zaudela hondarrean; edo haizezko baloien gainean zaudela jarririk…

Zhan Zhuang 5

Argazk.: Centro Pedagógico de Tai Chi Chuan

Gorputzaren lerrokatzea behetik gora edo goitik behera egin daiteke. Gehien-gehienetan behetik gorakoa azaltzen eta lantzen da aurrenik. Zuhaitza edo baloia besarkatzen:

  • Non egin? Hobe aire zabalean egiten baduzu. Etxe barruan bada, zabaldu leihoren bat (norberak ikusiko du nolako giroa jarri nahi duen: argizariak, musika…). Eguzkiari bizkarra eman, eta aurrez aurre zuhaitz bat baduzu, primeran.
  • Zutik jarri, irudiak erakusten duen moduan, eta ez mugitu.

Arreta-guneak:

  • Gorputzaren tentsioak, eta nerbio-sistema. Erlaxazioa.
  • Oinak, sorbalden zabaleran (edo aldaken zabaleran, aldakak sorbaldak baino zabalagoak badira). Paraleloan, aurrera begira, edo pittin bat kanporuntz (inolaz ere ez hamarrak eta hamar markatuz).
  • Zabaldu pittin bat belaunak, erlaxaturik egon daitezen, eta pixka bat makurtu. Irudikatu puzten ari den baloi bat duzula bi belaunen artean, eta pittin bat estutzen ari zarela baloia.
  • Luzatu eta zuzen jarri bizkarrezurra. Behin zuzenduz gero, irudikatu erlaxatzen eta hondoratzen zarela aldaken gainean (lordosia, ahalik eta txikiena).
  • Sorbaldak borobildu:
    • Bulka itzazu sorbaldak alboetara, eta, gero, borobil itzazu.
    • Borobildu ondoren, bularrezurra sartuko da barna pittin bat. Sentitu behar da nola sartzen den barru aldera.
  • Sorbaldak borobiltzean gorputz osoa integratzen da; zure gorputzaren egitura sendoagoa da.
  • Ukondoak aurreruntz mugituko dira modu automatikoan, eta gorputzetik aldenduko dira diagonalean (hegoak zabalduko balira bezala).
  • Ukondoak mugitu gabe, jira itzazu besaurreak eta igo itzazu eskuak esku-ahurrak zure gorputzaren aldera begira daudela, sorbalden mailaraino (edo baxuagokoak; norberak aukeratuko du altuera).
  • Irudikatu baloi bigun bat besarkatzen ari zarela. Gehiegi estutuz gero, hautsi eginen da. Gutxiegi estutuz gero, berriz, ihes eginen dizu. Kontzientzia jarri estutze horretan, eta saiatu erlaxatzen.
  • Utzi pittin bat erortzen okotza, lepoaren atzealde osoa luza dadin. Irudikatu soka bat duzula buruaren goi-goitik tiraka, bizkarrezurra erabat luzatzen laguntzeko.

Zhan Zhuang posturari eusteak lagunduko dizu indar fisikoa eta mentala handitzen. Kontuz ibili hipertentsiboa bazara, eta, emakumea bazara, hilerokoa baduzu, odol zirkulazioa aktibatzen baita.

Bakoitzak bere bidea opatuko du postura ahalik eta modu egokien egiteko, baina inportanteena da sentitzea gorputz-atal guztiak integraturik daudela. Sentsazioetan zentratu.

 

2 Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: