Press "Enter" to skip to content

McGregor vs Mayweather: nondik-norakoak

Conor McGregorrek aukera gutxi omen dauka Floyd Mayweather ringean gainditzeko; emaitza ia aldez aurretik ezaguna izanik, zaila da mila miloiko borrokari zentzua bilatzea. Baina egon, badaude, norgehiagoka honi azalpena ematen dioten nondik-norakoak.

Mayweatherek 49-0ko errekorrarekin hartu zuen erretiroa 2015aren amaieran. Zifra horiek Rocky Marciano mitikoarekin berdinduta uzten dute, boxeoaren historiak ezagutu duen errekorrik hoberenarekin. Garaipen bat nahikoa litzateke 50-0a lortzeko eta inor baino gorago iristeko; zenbaki aldetik, beintzat.

Baina Mayweatherren goitizenak dioen bezala, “Money”, 50. garaipena ezingo zuen edonoren aurka lortu, poltsikoak gozo beteko zizkion norbaiten aurka baizik; eta irabazteko arazo handirik emango ez balio hobe.

Eta hortxe agertzen da Conor McGregor, Arte Martzial Mistoetako izar berria. Kontaktuzko kirolek aspaldian ezagutu gabeko hitzontzi mediatikoa, bai borrokan bai borroketatik at. Mayweatherren puzzlean falta zen pieza perfektua.

14978908644102
McGregor (ezker) eta Mayweather (eskuin), sare sozialetan dirua erakusten

Ezin hobea da pieza, Conor ez delako boxeolaria. Floydek jarritako baldintzen arabera borrokatuko du, haren arauekin eta haren etxean. Sorpresa emateko aukera gutxi izango du, edo hobe esanda, sorpresa ematea izango da bere aukera bakarra.

Hau irakurririk txontxongilo gisa ikus dezakegu McGregor, baina ez da inolaz ere horrela. Irlandarrak UFC empresarentzat borrokatzen du, eta hango soldatak ez dira puntako boxeoan mugitzen diren zifretara gerturatu ere egiten. Azken hiru urteotan, UFCk diru asko irabazi du McGregorri esker; horrexegatik da empresak hobekien ordaintzen duen borrokalaria. Baina gehiago nahi du Conorrek.

Zurrumurruen arabera, irlandarrak 100 milioi irabaziko lituzke; Mayweatherrek, 300. Esanak-esan, McGregorrek ordainsaritik haratago ikusteko abilezia eduki du. McGregor Promotions empresa abian jarri du irlandarrak, kontaktuzko kirolen ekitaldien promozio talde propioa, hain zuzen ere. 29 urterekin, bere empresa sortu bezain azkar 1.000 milioiko borrokaren babesleetako bat izango da dagoenekoz.

Amaitzeko, McGregorrek ez dauka galtzekorik. Estatubatuarrari eusten dion round bakoitza garaipen bat izango da irlandarrarentzat, ez baitago bere diziplinan. Galduta ere garaipena litzateke munduko boxeolari onena omen denari 12 roundetan eustea; kontuan harturik, gainera, besteak mugatu dituela borrokarako arauak eta baldintzak.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: