Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (13)

Tao Te Ching

Lao Tse

13

Arrakasta porrota bezain arriskutsua da.

Itxaropena beldurra bezain hutsala da.

 

Zer esan nahi du arrakasta porrota bezain

arriskutsua dela?

Hala igotzean nola jaistean maila batetik bestera,

desorekan zaude.

Bakar-bakarrik bi hanka lurraren gainean egonda

eutsiko diozu orekari.

 

Zer esan nahi du itxaropena beldurra bezain

hutsala dela?

Hala itxaropena nola beldurra mamu hutsak dira,

norberaren Niaren baitan pentsatzeagatik sortuak.

Geure burua Nia hutsa balitz bezala ikusteari uzten badiogu,

zeren beldur izan behar dugu?

 

Ikusi mundua zeure Nia balitz bezala.

Izan konfiantza gauzen izaeran.

Maitatu mundua zeure Nia balitz bezala;

orduan, zaindu ahalko dituzu gauza guztiak.

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

Beldurrak agintzen du, neurri handi batean, gure bizian: daukaguna galtzeko beldurra, etorkizuna ekarriko digun horren beldurra… hiltzeko beldurra. Heriotzari diogun beldurra dago presente ia-ia beti. Eta heriotzarekin batera badakigu gure gorputza ahitu eta ustelduko dela. Esan daiteke horixe dela ziurtasunez dakigun gauza bakanetako bat. Horregatik da hain garrantzitsua gorputza zaindu eta seguru mantentzea, erraz kaltetu eta zauritu baitaiteke. Eta horregatik dugu joera gauza guztien gainetik jartzeko.

Lao Tse-k ez du gaitzesten geure gorputzarekin dugun lotura eta mendekotasun hori. Alderantziz: uste du kontzienteak izan behar dugula horretaz, onerako izan baitaiteke. Onerako izanen da, baldin eta geure gorputza maitatzeko eta zaintzeko hartzen dugun ardura bera hartzen badugu gure inguruko guztia eta guztiak eta mundua maitatzeko eta zaintzeko.

Txorakeriarik egiten ez badugu gure gorputza kaltetzeko (oso gutxitan, modu kontzientean), zer dela-eta txorakeriak egiten ibiltzea natura-eta kaltetzeko?

 

Tao Te Ching 13-2

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: