Press "Enter" to skip to content

Non atentzioa… LUZAKETAK

Eztabaida handia dago gaurko egunean luzaketak egitea ona edo txarra ote den; egitekotan, nolako luzaketak izan behar ote diren (estatikoak, dinamikoak…); kirola egiten hasi baino lehen, kirola egin ondoren egin behar ote diren… Eztabaida horretako gorabeherak alde batera utzirik, hona ekarriko dugu Enric Marés idatzitako liburuan (Estiramientos, Hispano European, 2016) azaldutakoa. Izan ere, gorputz-atalak luzatzeko ariketa zehatzak aurkezteaz gain, azaltzen du nola egin luzaketak. Eta, gure ustez, oso interesgarria da haren ikuspuntua.

Malgutasuna ez galtzeko, gorputz-atal guztiak landu behar dira astean behin, gutxienez. Gorputz-atal hauek bereizten ditu:

  • Bizkarra
  • Bularraldea
  • Sorbalda
  • Besoak
  • Lepoa
  • Ipur-masailak
  • Abduktoreak eta aduktoreak
  • Iskiotibialak
  • Kuadrizepsak
  • Oinak, hankazpia

Gorputz-atal bakoitzerako luzaketa bana aurrez ikusten badugu, gerta daiteke betarik ez izatea ariketa guztiak saio bakar batean egiteko. Hori dela eta, astean bi edo hiru saiotan bana daitezke luzaketa horiek.

Gihar zehatzen bat luzatu nahi baduzu, berriz, aukera ezazu ariketa bat horretarako, eta landu ezazu astean hiru egunez, egunak txandakatuz. Behin lortutakoan luzaketa, aski izanen da astean behin lantzea behar bezala luzaturik edukitzeko.

Nola luzatu modu estatikoan?

  • Toki eroso bat aukeratu (koltxoneta baten gainean…); arropa erosoa jantzi… eta har ezazu behar duzun denbora antzemateko zer-nolako sentsazioak dituzun gorputzean (nola bermatzen den lurraren kontra…).
  • Eutsi luzaketari: 30 segundoz, gutxienez; 2 minutuz, gehienez. Harik eta luzatzen ari diren giharretan tentsio-sentsazioa desagertzen den arte. Arnasa erabili tentsioak askatzeko.
  • Luzaketa egin ondoren, konekta zaitez berriz ere zure gorputzarekin eta sentitu nola dagoen momentu horretan: bermeak, sentsazioak… Zeure gorputzaren gaineko kontzientzia hartzeko (edo areagotzeko) baliatu behar dituzu luzaketak.

Luzaketak 2

Baina egin beharrekok bezain interesgarriak dira ebitatu beharrekoak:

  • Hastea luzaketak egiten betarik ez baduzu, edo presaka bazabiltza.
  • Ariketak egitea modu mekaniko eta errepikakorrean.
  • Luzatzea gehiegi giharra, iritzita zenbatenaz gehiago luzatu giharra hobe dela; edo minik gabeko luzaketak ez duela ezertarako balio.
  • Norbaitekin hizketan aritzea, edo beste gauzaren batean pentsatzen ibiltzea, luzaketa egiten ari zaren bitartean.
  • Denborarik ez hartzea ezkerretik eskuinera (edo eskuinetik ezkerrera) pasatzean, mugimendu bikoitza bada; hau da, lehendabizi ezkerreko aldea, eta gero eskuinekoa luzatu behar bada.

Gorputzaren gaineko kontzientzia hartuko (edo areagotuko) dugu “orain eta hemen” bizi bagara, eta horretarako atentzioa, sentsazioak, kontzentrazioa… aktibatu beharko ditugu, baita luzaketak egiten ari garenean ere.

One Comment

  1. […] gihar, artikulazio eta mugimendu-plano nahasten dira luzaketa dinamikoetan; luzaketa estatikoetan, berriz, gihar, artikulazio eta mugimendu-plano bakarrean zentratzen da lana. Horrek bidea […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: