Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (15)

Tao Te Ching

Lao Tse

15

Antzinako maisuak sakonak eta burutsuak ziren.

Ulergaitza zen haien jakinduria.

Ez dago modurik hura deskribatzeko;

jakinduriaren itxura besterik ezin dugu deskribatu.

 

Zuhurrak ziren,

erreka izoztu bat gurutzatu behar duenaren antzera.

Adi zeuden, etsaiaren lurra zeharkatu behar duen gerlariaren antzera.

Adeitsuak ziren, ostalari baten antzera.

Isurkorrak, urtzen ari den izotzaren antzera.

Moldagarriak, egur puska baten antzera.

Harberak, haran baten antzera.

Argiak, urez beteriko basoen antzera.

 

Pazientzia duzu uzteko

zure lohia hondoraino joaten harik eta ura garbi-garbia izan arte?

Geldi-geldirik egon zaitezke

harik eta ekintza zuzena berez azaleratu arte?

 

Maisuak ez du osotasunik nahi.

Nahirik gabe, itxaropenik gabe,

dago presente, eta den-denari ematen dio ongi-etorria.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

Aurreko garaiak hobeak zirelako ikuspegia oso zabaldua egon da zibilizazio gehien-gehienetan. Mendebaldean gauzak arras aldatu ziren industria-iraultza gertatu zenean, orduan hasi baitzen aurrekoa gutxiesten eta momentukoa eta etorkizunekoa goresten. Orain, berriz, etorkizunekoa zalantzan jartzen hasiak gara.

Lao Tse-k aurrekoa goresten du: aurrekoen jakinduria, aurrekoen bizimodua… aurrekoen bidea. Azaltzen digunez, aurrekoak beste modu batez bizi ziren: patxadaz, lasai, nahi handirik gabe. Azken batean, Tao-tik gertu bizi ziren, Naturatik gertu, edo beste modu batez esanda, bide naturaletik gertuago bizi ziren gaurko egunean baino. Aurrekoen jakinduria ez ulertuta ere, kopia ditzakegu haien bizimoduaren alderdi onak. Eta badirudi kapitulu honetan ematen dizkigun adibideek bide hori jorratu nahi dutela: eredu bat izan behar dugu imitatzeko.

Jakintsuak jakin behar du itxoiten, behar ez diren akatsak ez egiteko; jakin behar du apala izaten, inbidiarik ez sortzeko. Luxua eta ospea bilatu beharrean, apaltasuna, xalotasuna eta lasaitasuna bilatu beharko genituzke.

Hori al da gaurko egunean gurean ikusten duguna? Ez dirudi, ba, Tao-tik (bide naturaletik) gertuegi gabiltzanik. Herritar gutxi batzuk (kirolari batzuk edo aktore  batzuk, kasu) neurririk gabe goraipatuak (eta sarituak) dira; beraz, inbidia, lehia eta zoritxarra ari gara zabaltzen… eta ergelkeria. Horregatik ez da batere harritzekoa ergel bat baino gehiago agintzen ikustea.

 

Tao te ching 15-3

 

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: