Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (16)

Tao Te Ching
Lao Tse
(16)

Hustu ezazu zeure gogoa pentsamendu guztietatik.
Bakean egon dadila zure bihotza.
Beha ezazu izakien ugaritasuna;
begira ezazu, ordea, nola itzultzen diren atzera iturburura.

Unibertsoan bereiz bizi diren izakiak
iturri komunera itzultzen dira berriz ere.
Iturrira itzultzeak lasaitasuna dakar.

Iturria ezagutzen ez baduzu,
bihozmina eta nahasmendua izanen dituzu.
Zeure iturburua zein den badakizu,
tolerante bihurtzen zara modu naturalean;
eskuzabal; alai;
bihotz-epel, amatxi baten modura;
duin, errege baten modura.

Tao-aren miragarritasunean murgildurik,
aurre egin diezaiokezu biziak eskaintzen dizunari;
eta heriotza heldu denean, prest egonen zara.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

tao te 16-3.png

Naturan agintzen duten legeak ziklikoak dira: ilargialdiak, urtaroak, jaiotza eta heriotza… “Jaio, hazi, heldu eta hil edo desagertu; berriz jaio…” zikloak agintzen du bizidunen kasuan; natura horrelakoxea da. Gu integraturik gaude behin eta berriz gertatzen den ziklo horretan, haren parte gara.
Lao Tse-k esaten digu garrantzitsua dela horretaz jabetzea, jakiteko zein den gure iturburua, horrek emanen baitigu bidea Tao-an barneratzeko. Lasaitasuna ekarriko digu, ulertuko baitugu zikloaren nondik-norakoa, eta prest egonen baikara onartzeko biziak ekartzen diguna. Meditazioa izan daiteke bidea horretaz guztiaz jabetzeko, eta egin beharreko ibilbidea egiteko.
Azken batean, eguneroko zurrunbiloak irensten gaitu; etengabeko interferentzia eta estimulo-festa gertatzen da, eta axalekoarekin gelditzen gara, zikloaren ikusmoldea erabat galdurik. Gure izaera eta nortasuna iragandakoan edo ustez etorriko den horretan harrapaturik geratzen da, “orain eta hemen”, biziaren zikloak eskatzen duen bezala, geratu eta garatu beharrean. Nahasmendua eta bihozmina besterik ez digu ekartzen horrek.
Modu naturalean tolerantea, alaia, eskuzabala… izateko, Tao-an murgildu behar dugu; bide eta ziklo naturala ezagutu, onartu eta ibili behar dugu. Tolerantzia kontzeptua oso erabilia izan da gurean azken urte hauetan, batez ere jende-talde bati intolerantea dela leporatzeko. Baina toleranteak al dira komunikabide handi horiek mezu bakarra eta arras bideratua ematen badigute behin eta berriz? Toleranteak al dira gure inguruko erlijioak (eta haien praktikanteak), haien oinarri nagusietako bat proselitismoa bada?

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: