Press "Enter" to skip to content

Basoan barna: ibili eta gozatu

Nork bere erritmoa hartu behar du basoaz eta naturaz gozatzeko: azkar, mantso, geldi-geldia ibili… aukera guztiak daude eskura. Zer lortu nahi dugun, bat edo beste erabiliko dugu. Lerro hauetan aukera horietako bat azalduko dizuegu, ibiltzearekin batera oinarrizko meditazio bat egiteko bidea ematen duena. Hiru atal nagusi ditu:
1. Nordic walking edo ipar-martxaren makilak erabiltzen ditugu guk basoan ibiltzeko. Sistema horren oinarrizko teknikak abantaila hauek eskaintzen ditu:

Ipar martxa.JPG

 

  • Besoen eta hanken arteko koordinazio kontralaterala gertatzen da une guztietan.
  • Besoen mugimenduak lagundurik, bizkarrezurra zuzen eramaten da, baita igoeretan ere, eta horrek asko errazten du diafragmaren lana. Aise errekuperatuko zara erritmo bizi-bizi bat erabili ondoren, gorputzaren barneko aldea (organoak-eta) erosoago baitago.
  • Besoa atzeraka doanean, eskua laskatzen dugu makilatik, eta horri esker sorbalda jiratu eta mugimendua luzatu egiten dugu. Gorputzaren goiko aldeak lan handiagoa eta sakonagoa egiten du horrela.
  • Makilak horrela erabilita, besoek ere bulkatzen dute gorputza aurreraka (eta ez bakarrik hankek), gorputzetik tiratu beharrean, horixe gertatzen baita askotan makila arruntak erabiltzen ditugunean. Beraz, esan daiteke horrela ibilirik lau bermagune ditugula aurreraka bulkatzeko.

Ipar-martxaren oinarrizko teknika egokitua erabiltzen dugu guk, nork bere ezaugarien eta helburuen arabera moldatu behar baitu ikasitakoa. Tarteka konexioak egiten ditugu sentitzeko gorputz-atalak nola dauden eta nola ari diren lanean: besoak, hankak, gorputzaren erdigunea, bizkarrezurra…
2. Zentzumenak aktibatzen saiatzen gara. Hasieran, banan-banan; gero, denak batera:

koloreak.JPG

  • Ikusmena. Utzi barneratzen naturak eskaintzen duen kolore-festa: horien, gorrien, berdeen, urdinen… tonalitate guztiak. Formak eta distantziak ere askotarikoak izaten dira, eta, tarteka, begirada periferikoa, tarteka, fokalizatua erabil ditzakegu.
  • Entzumena. Barrutik kanpora entzuten hasi gaitezke: norberaren arnasaren hotsak, inguruko hots guztiak, haizearena… eta, denaren gainetik, isiltasuna entzutea da gozamenik handienetako bat.
  • Usaimena. Loreak, iraztorrak, onttoak, azienda… usain berezi asko aditu daitezke basoan, eta lan polita eta atsegina da horiek guztiak antzeman eta bereiztea.
  • Ukimena. Haizea larruazala ferekatzen; hostoen, belarren, iraztorren… kontaktua sentitzen; ihintzaren, euriaren… tantak larruazaletik irristatzen…

Goikoak adibide batzuk, besterik ez dira, horrelako beste hamaika landu baitaitezke. Bakoitzak ikusiko du zer-nola-noiz landu, baina beti da interesgarria gorputzaren leihoak irekita daudela pasieran ibiltzea. Nolanahi ere, badakigu modan dagoela gaurko egunean kaskoak jantzirik musika entzuten lasterkan eta pasieran ibiltzea.
3. Barruko sentsazioak lantzen ditugu. Barruko leihoak ere irekitzen saiatzen gara:

Arbola.JPG

  • Tarteka arbolaren postura (Zhan Zhuang) lantzen dugu, bost-bat minutuz, toki lasai batean. Orientaturik egin nahi izanez gero (hegoalderuntz, ekialderuntz… begira), trikuharri baten ondoan egin daiteke, sarrera ekialderuntz begira baitaukate. Kanpoko mugimenduak gelditu eta barrukoak azkartzen ditugu. Barruko sentsazio hori luzatzen saiatzen gara ibiltzen jarraitzen dugunean.

  • Ibilaldiaren bukaeran, edo bukatuxea dagoenean, erreka baten ondoan geldi-geldirik egoten gara, zutik, zutabe baten moduan, errekarekin bat eginez. HartaraIMG-20170820-WA0006 (1).jpg, arnasa hartzen dugunean, irudikatzen dugu errekaren ura -baita errekaren hotsak, lurrinak… ere- gorputzean sartzen zaigula; eta arnasa ematen dugunean, berriz, irudikatzen dugu gorputzetik ateratzen dela eta errekarekin bat egiten duela. Irudimena eta bisualizazioa erabili behar ditugu. Esaterako, bisualizatu dezakegu errekaren ura giltzurrunetatik (edo gibeletik, heste loditik… nahi dugun tokitik) iragazten dela, eta sartzen denean garbitasuna sartzen dela gorputzean, eta ateratzean zikinkeria ateratzen dela. Bost-hamar minutu egin ondoren, lasaitasun handia sentituko duzu gorputzean barna. Aurrekoan bezala, sentsazio hori luzatzen saiatzen gara ibiltzen jarraitzen dugunean, edo etxeko bidean.

Azken zati hori erreka baten ondoan egiten dugu guk barrualdean bizi eta ibiltzen garelako, baina pentsa ezazue itsas ertzean, olatuak hausten diren toki batean!!

Itsasoa

Dastamena aipatu gabe utzi dugu; ez, ordea, landu gabe, bide bat baino gehiago eskaintzen baitu basoak geure gustuko produktuak bildu eta dastatzeko: onttoak, zizak, masustak, urrak… Lasai ibili, eta on egin diezazula!

Onttoak.JPG

 

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: