Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (17)

Tao Te Ching
Lao Tse
(17)

Maisuak gobernatzen duenean,
jendea ia-ia ez da berataz ohartzen.
Agintari eskasagoa da maitatua izaten dena.
Oraindik eskasagoa, izua sortzen duena.
Eskasena, gutxietsia izaten dena.

Jendeari ardurarik eman ezean,
konfiantza galtzen du jendeak.

Maisuak ez du hitzik egiten; egin egiten du.
Eginkizuna bukatzen duenean,
jendeak esaten du: “Harrigarria:
guk geuk bakarrik egin dugu!”.

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

Lidergoa modan dago gaurko egunean, batez ere kalitate planak indarrean jartzen hasi zirenetik enpresetan. Baina ez da gaurko kontua, horretaz hitz egiten baitigu Lao Tse-k kapitulu honetan. Nolako liderrak (agintariak) behar ditu herrialde batek? Nolako ezaugarrik izan beharko lituzke lider batek?

Herrialde baten lidergoari erreparatuz gero, iruditzen zaizue agintariek euren burua eta lana nabarmendu gabe gobernatzen dutela? Salbuespenaren salbuespena dira horrela jokatzen dutenak, maiz-maiz agertzen baitira hedabideetan, esateko eta azaltzeko gauza handirik izan gabe gehien-gehienetan. “Saldu” kontzeptua asko zabaldu da gurean, eta badirudi agintzen dutenen premia nagusia beren burua eta lana nolabait “saltzea” dela. Eta “saltzen” ez badakizu garesti ordainduko duzu: inkestak, irudi-kanpainak, etengabeko agerraldiak prentsaurrean… egiten dira boterean dauden horien irudiak lantzeko eta boterean betikotzeko asmoarekin.

Baina lidergoa landu behar da maila guztietan; hau da, enpresetako zuzendariak, zerbitzuburuak, taldeburuak… horiek denak ere liderrak dira. Bi gako ematen ditu Lao Tse-k horretarako: bi norabideko konfiatza-giroa sortzea; eta liderrak egileak izatea. Hots, konfiantza-giroa sortu beharra dago, eta horretarako ardurak eman behar zaizkio jendeari. Baina nola fidatu jendearekin liderraren lanak egin behar dituenak bere buruaz fido ez bada? Nola izan egile, liderraren lanak egin behar dituenak gaitasun eskasak baditu landu behar duen esparruan?

Alor publikoan, adibidez, askoz gehiago baloratzen da lider horiek “alderdikoak” eta “esanekoak” izatea, beste ezer baino. Ez dirudi, ba, Lao Tse-ren esanetatik gertuegi gabiltzanik, ezta?

 

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: