Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (18)

Tao Te Ching
Lao Tse
(18)

Tao handia atzendua denean
agertzen dira ontasuna eta errukia.
Gorputzaren jakinduriak behera egiten duenean,
adimenak eta ezagutzak hartzen dute agintea.
Familietan bakerik ez denean
hasten da seme-alaben errukia.
Herrialde batean kaosa nagusitzen denean
sortzen da abertzaletasuna.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

 

Tao-a berez oreka da, eta oreka hori galtzen denean, hau da Tao-a atzendua gelditzen denean, sortzen dira ontasuna, errukia… eta aktibatzen dira adimena, ezagutza, abertzaletasuna… Batek pentsa dezake horiek guztiak berez ezaugarri onak direla, baina, onak izanda ere, desorekaren ondorio besterik ez dira. Ontasuna eta errukia, adibidez, sortzen dira horien premia duen jendea badelako. Adimena, bestalde, ez da beti erabiltzen denon onerako, maiz askotan oso jarrera egoista baitago atzetik.
Goitik beherako ikuspegia ere azter daiteke kapitulu honetan, goitik hasita Tao-a, gorputza, familia, gizartea… ditugu, zibilizazio baten oinarriak, azken batean. Gurasoen arteko oreka galduz gero, seme-alaben errukia aktibatuko da, eta gizartean anabasa nagusituz gero errazago da abertzaletasuna piztea, beldurra erabiliko baitute agintariek jendea manipulatzeko. Eta, bai, beldurra dago askotan errukiaren, ontasunaren eta horrelakoen atzetik.
Bestaldetik, zer-nolako sistema ezarri du aginte politikoak gurean? Zertan oinarritzen da? Diru-laguntzak han eta hemen dira nagusi; oinarri eta eragile nagusi, askotan.  Eta hori ez da berez desoreka baten erakusgarri? Jendea manipulatzeko beste bide bat, besterik ez? Batek esaten zuen bezala, ez da gauza bera ongia egitea eta ongi egitea.

 

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: