Press "Enter" to skip to content

Neurozientzia, jarduera fisikoa eta osasun soziala

Neurozientziari buruzko azken kapitulu honetan jarduera fisikoak osasun sozialarekin duen lotura aztertuko dugu, labur-labur.

Bizirik irauteko pertsona batek besteen asmoak eta emozioak zuzen interpretatzen eta barneratzen ikasi behar du… bizirik irauteko eta behar bezalako osasun soziala gertatzeko esan beharko genuke. Pertsona bat etengabe ari da hartu-emanetan ingurunearekin. Galdera da: nolako lana egiten du nerbio-sistemak hartu-eman horietan? Neurosoziologia saiatzen da ulertzen lan hori. Bide horretan jarduera fisikoak izan dezakeen eragina eta eskain dezakeen laguntza aztertuko dugu hurrengo lerroetan:

1.- Heziketa fisikoak zerikusi zuzena du haur eta nerabeen bizipen-espazioarekin. Hau da, jarduera fisikoa bete-betean txertatzen da haur eta nerabeen errealitatean, euren esperientziaren oinarri sendoa baita, esanahi handikoa garapen pozesuan.

2.- Ikastetxearen barruan lan egindakoak bat egiten du -edo, egin dezake- kanpoan lantzen denarekin. “Bizirako hezi” bada helburua, jarduera fisikoak zeresan handia du, biziaren hainbat esparrutan eta momentutan izaten baitu eragina.

3.- Hartu-emanetarako bilgune naturala da jarduera fisikoaren bidez sortzen dena. Hartu-eman mota asko agertzen dira jarduera fisikoa praktikatzean: elkar-laguntza, atentzioa (besteen premiei eta beharrei zuzendua), nor-gehiagoka, autoritarismoa, menpekotasuna… Beraz, testuinguru egokiak erabili behar dira jarduera fisikoak planifikatzerakoan, nahi ditugun jarrerak eta jokabideak behar bezala lantzeko, behinik behin (berdintasuna…).

4.- Gatazkak gainditzen ikasteko gune eta une aproposa izan daiteke jarduera fisikoarena. Gatazka gertatzen denean, emozio eta sentimendu biziak lehertzen dira, eta pertsona baten oreka emozionala kolokan jar daiteke. Interesgarria izanen da, horrenbestez, gatazken ikuspegi hori ere lantzea, lagungarria izanen baita biziaren beste une eta gune  batzuetan oztopo eta gora-beherak gainditzen ikasteko.

5.- Elkar ukitzeko eta kontakturako aukera ematen du jarduera fisikoak. Alderdi hori oso garrantzitsua izan daiteke sentsibilitatearen, sentsopertzepzioaren eta horrelakoen heziketa lantzeko. Norberaren ongizatea, ongizate soziala eta autoestimua indattzeko bideak zabalduko dira.

6.- Jendartean sustatzen ari diren baloreak eta bizimoduak modu kritiko batez azter daitezke jarduera fisikoaren bidez. Azken batean, alderdi ekonomikoak, ideologikoak eta kulturalak nahasten diren espazio pribilegiatu batean kokatzen da heziketa fisikoa.

 

Neurosoziolgia 1

 

 

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: