Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (19)

Tao Te Ching

Lao Tse

19

Baztertu santutasuna eta jakituria,

eta jendea hamaika aldiz zoriontsuagoa izanen da.

Baztertu moraltasuna eta justizia,

eta jendeak zuzen jokatuko du.

Baztertu dirugintza eta etekinak,

eta ez da lapurrik izanen.

 

Hiru gauza horiek aski ez badira,

egon zaitez zirkuluaren erdian

eta utzi gauzei bere bidea egiten.

 

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

Aurreko kapituluaren ildo beretik doa hau ere: Tao-a baino hobe da gainerako guztia alde batera uztea. Monjen eta lekaimen bidea izan da hori erlijio askotan.

Jakinduria, adibidez, esan daiteke inoiz baino eskurago daukagula gaurko egunean… eskurago eta kantitate handiagoz. Horregatik aipatzen da oso inportantea dela informazio ona eta erdipurdikoa bereizten jakitea, batez ere Internetetik zuzenean jasotzen dugunean, batzuetan ez baitago oso garbi zein den iturria. Gero eta gauza gehiago dago ikasteko, eta, neurri batean, esan daiteke gero eta gehiago dakigula, baina dakiguna modu proportzionalean handituz doan bezala handituz joaten da ez dakiguna, eta ez dugu hain erraz onartzen bigarren zati hori. Azken batean, gaurko egiak biharko gezurrak izaten dira askotan jakinduriaren munduan.

Moraltasuna, justizia… arauen bidez antolatzen ditugu gure gizartean; gehienetan, gainera, idatziak egon behar dira, ustez dagokien garrantzia eta nagusitasuna agerian uzteko. Baina non gelditzen da sena? Demagun denok onartzen dugula hainbat gauzatarako arauak behar direla, baina horrek ez du esan nahi denetarako behar direnik, ezta? Adibidez, elkarte gastronomiko bat sortzen badugu herrian, zer eginen dugu aurren-aurrenik? Arautegi bat onartu, dudarik gabe. Arautegi horretan zehaztuko dugu zer egin daitekeen, zer ez, eskubideak, eta, batez ere, betebeharrak… baita ordenagailu eramangarria katez lotu behar den edo ez ere. Arazoa ez da arauak izatea edo ez izatea, arazoa da arauak aldez aurretik emanik uzten ditugula; hau da, senari ez diogula inolako aukerarik ematen. Jendeari ez diogu uzten senaren arabera jokatzen, eta gero, beharrezkoa bada, ikusten nolako arauak behar diren.

Ez litzateke hobe izanen, askotan, gauzei bere bidea egiten uztea?

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: