Press "Enter" to skip to content

Non atentzioa… luzaketa dinamikoak

Luzaketa dinamikoak (eta beroketa dinamikoa) dira kirola egiten hasi baino lehenago egiten diren ariketa fisikoak eta mugimendu-eskema zehatzak. Alde batetik, gorputza prestatu egiten da gero egin behar duen kirolerako, errendimendu hobea izan dezan. Beste aldetik, lesionatzeko aukera gutxitu nahi izaten da luzaketa hauen bidez, bai epe ertainean bai epe luzean.

Mugimendu dinamikoak egiten ditugunean, kontrakzio edo uzkurdura bat gertatzen da giharrak luzatu ondoren. Hau da, giharrek, artikulazioek, lotailuek eta tendoiek indarra sortu behar dute giharrak luzaturik daudenean. Adibidez, “lunge” moduan ibiltzen garenean edo lau oinean ibiltzen garenean gertatzen da aldi berean luzaketa eta uzkurdura indarra sortzeko. Indarra eta malgutasuna lantzeaz gainera, oreka eta koordinazioa ere modu dinamikoan lantzen dira edo landu daitezke luzaketa dinamikoak egiten direnean. Horregatik dira hain interesgarriak egiteko kirola praktikatzen hasi baino lehen. Gainera, mugimendu-eskema zehatzak egokitzen dira kirolen arabera, errendimendua hobetzeko asmoarekin.

Zenbait gihar, artikulazio eta mugimendu-plano nahasten dira luzaketa dinamikoetan; luzaketa estatikoetan, berriz, gihar, artikulazio eta mugimendu-plano bakarrean zentratzen da lana. Horrek bidea zabaltzen du malgutasunaz gainera, indarra, potentzia, abiadura… bezalakoak lantzeko. Hori dela eta, landu behar den jarduera fisikoari egokiturik egon behar dira luzatzeko edo berotzeko ariketak, eta tarte egokia eskaini behar zaio lan honi. Goi mailako kirolariek, adibidez, denbora gehiago eskaintzen diote, oro har, luzatzeari eta berotzeari behe mailako kirolariek baino.

Ariketa asko erabil daitezke, eta hemen gutxi batzuk besterik ez dugu aipatuko (ariketa gehiago, kirolen arabera banaturik eta banan-banan azaldurik, ikusi nahi izanez gero: Estiramientos dinámicos, Mark Kovacs, Tutor-2010):

Luzaketa dinamikoa3

  • Behatz puntetan ibili.
  • Opoen gainean ibili.
  • Oinen kanpoko (edo barruko) ertzen gainean ibili.
  • Lau oinen gainean ibili, hankaren flexoreak luzaturik.
  • Katamarka ibili.
  • Pantera baten moduan ibili.
  • Atzeraka ibili lasterka.
  • Ibili, lasterka egin, salto egin.

Zer onurak ekartzen ditu luzaketa dinamikoak? Edo, zer hobetu daiteke luzaketa dinamikoen bidez?

  • Indarra
  • Potentzia
  • Erresistentzia
  • Malgutasuna
  • Koordinazioa
  • Oreka
  • Bizkortze neuro-muskularra
  • Abiadura
  • Prestakuntza mentala

Burua ere prestatu beharra baitago kirola egiten hasi baino lehenago, gero bete-beteko ahaleginean gaudenean onena eman dezagun.

 

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: