Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (20)

Tao Te Ching

Lao Tse

20

Ez pentsatu gehiago, eta bukatuko dira zure arazoak.

Zer alde dago baiezkoaren eta ezezkoaren artean?

Zer alde, arrakastaren eta porrotaren artean?

Balioetsi behar duzu besteek balioesten dutena?

Saihestu, besteek saihesten dutena?

Barregarria da, gero!

 

Asaldaturik daude batzuk,

desfile baten aurrean egonen balira bezala.

Nik, berriz, ez dut kezkarik.

Bakarra naiz espresiorik ez duena aurpegian.

Umetxo baten modukoa naiz, irri egiten ikasi baino lehen.

 

Beste batzuek behar dutena daukate;

Nik, berriz, ez daukat ezer.

Bakarra naiz noraezean dabilena,

etxerik ez duen baten moduan.

Memelo baten modukoa naiz, hain hutsik baitago nire burua.

 

Beste batzuk argiak dira;

ni, berriz, iluna naiz.

Beste batzuk, zorrotzak dira;

ni, berriz, ergela.

Beste batzuek helburu garbiak dauzkate;

nik, berriz, ez dakit ezer.

Noraezean nabil, itsasoko uhin baten moduan;

norakorik gabe noa harat eta honat, haizearen moduan.

 

Ez naiz jende arrunta bezalakoa.

Ama Handiaren bularretik edaten dut nik.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

Tao Te Ching liburuaren bertsiorik zaharrenak lehendabiziko paragrafoa besterik ez dakar. Eta paragrafo horretan polaritateak lantzen dira, Tao Te Ching  liburuaren beste kapitulu batzuetan lantzen direnak: baiezkoa / ezezkoa, arrakasta / porrota, balioetsi / saihestu. Adibide batzuk baino ez dira, zerrenda askoz gehiago luza baitaiteke. Nolanahi ere, azkeneko polaritate horrek (balioetsi / saihestu) bidea zabaltzen digu maila pertsonalago batean aztertzeko gizartea, eta halaxe aritzen da Lao Tse hurrengo paragrafoetan. Ez da ohiko tonua; horregatik jarri dituzte batzuek zalantzan kapitulu honen paragrafo gehienak.

Tonu hori ez da ohikoa, baina ez da harrigarria ere, gaia bete-betean lotzen baita Tao Te Ching liburuan lantzen den filosofia orokorrarekin. Azken batean, polaritateak erabiltzen ditu agerian uzteko gizarte guztietan pentsamolde, jokamolde, ikusmolde… bakarra nagusitzen dela eta molde horietatik kanpo bizi dena pertsona arraroa, bitxia dela, molde horiek zedarritzen baitute neutraltasuna eta zentraltasuna, nolabait. Eta inori gustatzen ez zaionez neutraltasun horretatik kanpo geratzea, ahaleginak egiten ditugu denok ez aldentzeko hortik.

Horrenbestez, aurreiritzi pilo bat daukagu denok, eta oso agerikoak dira janzkeran, pentsaeran, bizieran. Aurreiritzi horien atzetik beldurra dago; artaldetik eta jokamolde orokor horretatik kanpo geratzeko beldurra, alegia. Beldurra emozio indartsua eta sakona da, norberaren gorputzean ere eragin zuzena izaten duena; horregatik erabiltzen du etengabe boterean dagoenak. Eta beldurraren adierazpen nagusietako bat auto-zentsura da; hau da, nork bere buruari galga jartzen dio gustukoak dituen zaletasunak, iritziak… lantzeko eta konpartitzeko. Erotzeko modukoa izan daiteke behin baino gehiagotan.

Tao-aren bidetik ibiliz gero, ordea, nork bere jokamoldeak, pentsamoldeak, ikusmoldeak… izan ditzake. Horregatik guztiagatik dio Lao Tse-k bera ez dela jende arrunta bezalakoa.

 

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: