Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (21)

Tao Te Ching

Lao Tse

21

Maisuaren gogamena beti dago

Tao-arekin bat eginda,

horrek ematen baitio distira.

 

Tao-a ezin da atxiki.

Nolatan egin dezake haren gogamenak bat Tao-arekin?

Bada, inolako ideiari atxikitzen ez zaiolako.

 

Tao-a iluna eta ulergaitza da.

Nolatan eman diezaioke distira?

Bada, Maisuak hala gertatzeko bidea ematen diolako.

 

Tao-a bazen

denbora eta espazioa izan baino lehenago.

Bada eta ez da guztiak baino haratago dago.

Nolatan dakit hori hala dela?

Nire barruari begiratzen diot eta ikusten dut.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

Behin baino gehiagotan hitz egiten digu Lao Tse-k Tao-aren iluntasunari buruz. Gogoratu, adibidez, lehendabiziko kapituluan dioena:

Eta, halaz ere, hala ezkutukoa nola ageriko guztiak

iturri beretik irteten dira.

Iluntasun izena zaizkio iturri horri.

Iluntasunetan ilunena;

horra hor edozein ulermenerako sarbidea eta sorbidea.

Tao-a mundua sortu baino lehenagokoa da, denbora eta espazioa izan baino lehenagokoa, eta hortik datorkio iluntasuna (eta, aldi berean, sakontasuna). Iluntasun horretatik sortuko da dena: unibertsoa, mundua, bizia… Baina, gure mundua eta ingurua, neurri batean, ulertua eta azaldua izan badaiteke ere, bide zientifikoa erabilita, iluntasun hori ezin da azaldu; bide intuitiboa erabili behar da antzemateko.

Ezin baita azaldu izaten da ulergaitza Tao-a, eta, jakina, ulergaitza edo ulertezina izan dena jainkotiarra izan da kultura asko eta askotan. Alderdi exoterikoa beti egon da, eta dago, hor. Nahiz eta gaur egun oso ospe txarra izan, alderdi zientifikoa (den-dena ulertu eta azaldu beharraz diharduena) erabat gailendu baita.

Hala ere, inor gutxik ukatuko du sena ere hor dagoela, eta, beraz, bide intuitiboa zorroztua izateak asko lagun diezaiokeela pertsona bati bere burua eta ingurua hobeki ezagutzen eta ulertzen. Ez dira bide kontrajarriak, osagarriak baizik. Eta nola landu sena edo bide intuitibo hori? Nola lortu “Nire barruari begiratzen diot, eta ikusten dut” hori? Bada, Tao-aren bidetik joanda eta haren barruan egonda. Beste hitz batzuekin esanda: Tao-a bidea bada, beharbada egin beharreko lehendabiziko bidaia gure barrualdera egin beharrekoa litzateke. Meditazioa, gorputzaren gaineko kontzientzia… izan dira langaiak eta lan-bideak horretarako.

Maiz askotan entzuten dugu (ia-ia mantra bihurtzeraino) asko bidaiatu beharra dagoela pertsona jantzia izateko, aurreiritziak alde batera uzteko, “nazionalismo” hertsien ikuspegia eta pentsamoldea gainditzeko… Bidaiatzeak, kasu horretan, beste herrialde batzuetara bisitan joatea esan nahi du; bisita labur-laburrak egitera, gehienetan. Baina oso jende gutxik aipatzen du beharbada egin beharreko lehendabiziko bidaia nork bere barrualdera egin beharrekoa dela, horrek bidea zabalduko baitigu, apika, geure burua hobeki ezagutzeko, barneko sentsazioak hobeki antzemateko, geure buruarekin eta gertueneko inguruarekin hizketan aritzeko, geure gertueneko inguru hori eta mundua hobeki ezagutzeko… Ergelkeria eta zitalkeria ez dira berez, beste herrialde batzuetara bidaiatzeagatik, sendatuko. Nahiz eta bidaia-agentziendako negozio ederra izan, eta denondako, seguru asko, atsegina eta onuragarria gertatu.

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: