Press "Enter" to skip to content

OODA loop metodoa eta borroka-estrategiak

“Behatu (Observation), Orientatu (Orientation), Erabaki (Decision), eta Egin (Action)” zikloari egiten dio erreferentzia OODA loop esaldiak. Erabaki-ziklo hori XX. mendean garatu zuten Estatu Batuetan, estrategia militarraren barruan borroka-guneetan erantzun egokiagoak emateko asmoarekin. Hango Aire Armadako John Boyd koronelak garatu zuen, batez ere, erabaki-ziklo hori, eta gaur egun erabilia da edozein testuingurutan (auzi judizialetan, merkataritzan, industrian, arte martzialetan, autodefentsan, jokoen teorian…), baldin eta aurkariren bat tartean badago.

OODA loop 2 euskaraz

Borrokalari bat (erakunde bat edo pertsona bat, testuinguruaren arabera) aurkaria baino azkarrago ibiltzen bada zikloa osatzen, bestearen erabaki-zikloaren barruan sartuko da, eta abantaila hartuko du. Lotura zuzena du horrek guztiak timing-arekin eta erritmoarekin; borroketan, maiz askotan, gakoa izaten denarekin, alegia. Metodo horrek azkartasuna eta malgutasuna lehenesten ditu botere eta indar hutsaren aurrean.

Behaketetan oinarritzen dira erabaki guztiak, eta behaketen bidez jasotzen den informazio guztia zuzen prozesatu behar da behar bezala orientatzeko erantzuna. Beraz, hasiera-hasieratik izan beharko dugu geure buruaren kontrola, zuzen interpretatzeko kanpoko informazioa, eta egoki ulertzeko gertatzen ari dena gure inguruan.

Orientazioa ez da bakarrik geure burua gertueneko espazioan kokatzea. Hori ere bada, baina batik bat lotua dago gure kultura-ohiturekin, ondare genetikoarekin, bizian barna izan ditugun esperientziekin eta informazioa aztertzeko eta sintesiak egiteko dugun gaitasunarekin. Modu kontzientean edo inkontzientean galbahe horietan ehotuko da behaketaren bidez jasotzen dugun guztia: informazioa, sentsazioak, emozioak…

Teorian, irabazteko edo abantaila hartzeko, aurkariarena baino azkarragoa izan beharko da gure “tempoa” eta erritmoa. Hartara, aurkaria jokoz kanpo geratuko da, zaila izanen baitzaio aurrez ikustea zer egin behar dugun, eta nahasketa eta anabasa sortuko diogu. Sun Tzu-k (Gerraren Artea) esan zuen bezala, iruzurrean edo engainuan oinarritzen da gerraren artea, eta engainu hori garaiz egiten ez bada, eta itxurak behar bezala gordetzen ez baditu, alferrekoa izan daiteke. Azkar jokatuz gero, eta behin eta berriz modu egokian erasoz gero, bestalde, aurkaria behartzen dugu etengabe OODA loop-aren lehendabiziko urratsetan gelditzera, informazio berriaren jarioa gestionatu ezinik.

Aurreko guztia alderdi teorikoari dagokio; modu kontzientean praktikan jartzeko, berriz, gogoz eta gogor entrenatu beharra dago: erreflexuak, ekintza instintiboak, entrenatutako erantzunak, blokeo naturalak…

 

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: