Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (24)

Tao Te Ching

Lao Tse

24

Behatz puntetan altxatzen denak

ez du oinarri sendorik edukiko.

Azkarregi ibiltzen dena

ez da urrun iritsiko.

Distiratsu agertzen saiatzen denak

bere argia itzaliko du.

Bere burua definitzen duenak

ezin izanen du jakin egiazki nor den.

Besteen gainean bere boterea ezartzen duenak

ez du bere burua kontrolatuko.

Bere lanari eusten dionak

ez du ezer iraunkorrik sortuko.

 

Tao-arekin bat egin nahi baduzu,

egin ezazu zure lana, eta, gero, aska ezazu hura.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

Bigarren eta bederatzigarren kapituluen bukaerak ere antzekoak dira, hurrenez hurren:

Maisuak badauka, baina ez da ezeren jabe;

egin egiten du, baina ez du ezer espero.

Obra bukatzen duenean, atzendu egiten da hartaz;

horregatik irauten du betiko”.

 

Egin ezazu zure lana; gero, aldendu zaitez.

Horra bidea, sosegua lortzeko”.

 

Atxikimendu handia izaten diegu, normalean, gure inguruko pertsonei, egiten ditugun lanei (edo lanpostuari), hainbat egoerari… Eta horrek lotu egiten gaitu, eta ez digu uzten geure burua askatzen. Horregatik sufritzen dugu dena aldatzen denean, beldurrak elikatzen baitu atxikimendu hori. Beldurra, azken batean, oinarri sendorik ez izateko bizian; iritsi nahi dugun tokiraino ez iristeko; nahi bezain argiak ez izateko, edo besteen aurrean halaxe ez azaltzeko; pertsona jator moduan ez agertzeko…

Hori dela eta, geure burua behartzen dugu askotan lortu nahi dugun hori lortzeko; geure burua behartu, edo, besterik gabe, aldamenak manipulatu. Hain erraza ez denez gu gogobeterik gelditzea, kanpoan saiatzen gara opatzen geure barruan ez duguna edo, besterik gabe, eduki nahi genukeena, gure ametsak. Idoloak izaten dira, maiz, amets horietatik abiaturik kanporako egiten dugun proiekzio horren adibide garbia: futbol jokalariak, aktoreak, kantariak… jainko txikiak balira bezala ikusten eta gurtzen ditugu. Beldurrak eta ameskeriak, elkarri bostekoa emanik.

Baina mundu honetan den-dena da iragaitzazkoa, aldi baterako: harremanak, lanak, momentu onak eta txarrak… baita bizia bera ere. Ez dugu, ordea, hain erraz onartzen hori. Horregatik kosta egiten zaigu, ikaragarri, atxikimendu hori alde batera uztea. Bidea ez da erraza, jakina, baina inork ez zigun esan bizia lagunen arteko hamaiketako bat besterik izanen ez zenik.

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: