Press "Enter" to skip to content

Urduliz Arena IV (Kronika)

Bigarren garaipen profesionala Valtierrarentzat

 

Gau garrantzitsua zen atzokoa gure protagonistarentzat, Diego Valtierrak esperientzia handiko gerlari bat zuen aurrean: Dani Calzado (2-12-1, 1KO). Asturiarrak ospe handiko boxeolariak izan ditu aurrean, Jon Fernandez eta Saul Tejada, besteak beste. Valtierraren bidean oztopo izatera deitua zen, baina ezin.

Ez zen arazo izan Calzadoren esperientzia, ezta ukabil ezkerra ere. Etxekoak lau roundetan argi menderatu zuen, sartu-atera azkar eta konbinaketa indartsuak erabilita; Valtierraren oldarraldien aurrean asturiarrak ezin izan zuen iniziatiba handirik erakutsi.

Epaileen erabakiz, Diegok bigarren garaipena lortu zuen bigarren borroka profesionalean eta aurrera doa, pixkanaka bidea egiten superluma kategorian.

Valtierra-erabakia.jpg
Valtiera epaileen erabakiaren zain

Bereziki aipatzekoa da Reyni Arregik (Bilbo KO) eta Diego Uribek (Izarrak) eskeini zuten guda. Anaitasunan Joseba Diazekin lehia estua izan ondoren, boxeolari gogorra dela erakutsi zuen Arregik berriz ere. Lehen roundean lurrera joan eta gero, altxatu eta norgehiagokari buelta ematea lortu zuen.

Datorren astean ere, Gallartan borrokatuko du Sopelako gazte honek; erritmo ikaragarria darama.

 

Eta deskantsurik ez duen beste bat izan zen gehien disdiratu zuen izarra: Youseff Hamid, “El León Bereber”. Borroka bakar bati ere uko egiten ez dion gerlari horietako bat da Hamid. Monchy Teameko Luis Sanchez zuen aurkari, Kick Boxing neoprofesionalaren araupean.

Lehoiak erraz jan zuen Sanchez. Lehen segundutik, Youseffen kolpeak argiago sartzen ziren; beti zeukan erantzun bat Sanchezen saiakera bakoitzarentzat. Iniziatiba harturik min egiten zion kantabriarrari, ostiko ikusgarriak sartzen zizkion… Lehoiaren eguna izan zen atzokoa.

Nahikoa lan izan zuen Sanchezek amaieraraino eustearekin, ezin izan genuen gazte honen mailarik onena ikusi bart gauean.

Basakickeko Gorka Rodriguezek ere eman zuen zeresana boxeo olimpikoan. Gasteiz Sporteko Giovanni Montesinosekin borrokatu zen, hasieratik amaieraraino gerra ematen. Borroka zaila epaileentzat, oso parekatua izan baitzen. Garaipena Montesinosentzat izan zen.

Maila altuko borroka eskeini ziguten bi gazteek; Gorkak, esperientzia gutxi izan arren, boxeorako habilezia erakutsi zuen. Buruan gordetzeko izen bat, dudarik gabe.

 

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: