Press "Enter" to skip to content

Non… saioen intentsitatea eta errekuperazioa

Aditu guztiek diote entrenamendu saioak ongi diseinatzea bezain inportantea dela errekuperazio-tarteak ongi zehaztuak izatea. Intentsitate jakin batez entrenatzen denean nahitaez aurrez ikusi behar dira tarteak, bai burua bai gorputza errekuperatzeko. Eta hortxe dago koska: intentsitatean. Izan ere, ez da gauza bera ordu beteko edo bi orduko saio bat egitea gimnasioan, erritmo-aldaketa nabarmenak eginez; edo, 3-4 orduko ibilbidea egitea basoan, erritmo erregularra erabiliaz; edo, 2-3 hilabeteko prestakuntza-programa intentsibo bat aurrera eramatea.

Erabateko adostasuna dago errekuperazioak dakartzan ondorio positiboez. Gutxien-gutxienez lau hauek aipa daitezke:

  1. Lesioei aurrea hartzeko.
  2. Gorputzaren sistema immuneak atsedena behar du berriz indarberritzeko giharrak.
  3. Loaren zikloari behar bezala eusteko (hau da, loaren zikloa ez galtzeko).
  4. Burua lasaitu eta neke profesionalaren sindromea prebenitzeko.

Zerrenda askoz gehiago luza daiteke; kontua, ordea, beste bat da. Nolako errekuperazio-saioak edo errekuperazio-mota erabili beharko genituzke? Intentsitatea eta programaren edo saioen iraupena kontuan harturik, hauexek gomenda daitezke, batez ere:

  • Gimnasioko saio laburrak (ordu bat edo bi ordukoak) egiten ditugunean, komeni da eten laburrak egitea, minutu batekoak edo bi minutukoak, arnasa eta lasaitasun mentala berriz eskuratzeko. 10-15 minututik behin-edo postura jakin batean jarri (adibidez, belauniko jarri, eta gero opoen gainean eseri, bizkarrezurra zuzen-zuzen gera dadin), eta arnasa sakon hartu, lasaitasuna eta kontzentrazioa berriz eskuratzeko. Erritmoa aberastu egiten du, isilune baten modukoa baita, eta “isiluneak” ezinbestekoak dira erritmorako. Saioaren bukaeran ariketa pare bat egin daitezke:
    1. Zhan Zhuang bezalako ariketa bat (bost minutu inguru), barrukoarekin berriz konektatzeko eta bioerritmoak jaisteko.
    2. Pintza bezalako luzaketa bat gorputzaren atzeko gihar sistema luzatu eta hari atsedena emateko.
  • Hiru-lau orduko ibilbidea eginez gero basoan, erritmo erregularra erabilita, ordu erditik ordu erdira bost minutuko Zhan Zhuang-eko saio laburrak egin daitezke arnasa eta lasaitasuna errekuperatzeko. Saioa bukatutakoan, berriz, pintza bezalako ariketa egin daiteke gorputzaren atzeko gihar sistema eta lunbarren aldea luzatzeko. Pintza eta kokoriko jartzea konbina daitezke, orkatilak, belaunak eta aldakak alineatzeko berriz ere. Edo errodilloak erabil daitezke, automasajea eman eta gorputza berriz alineatzeko.
  • 2-3 hilabeteko programa intentsibo bat aurrera eramaten denean, egun oso-osoak ezer egin gabe egotea komeni da. Ezer egin gabe egon, edo beste ariketa-mota batzuk egin daitezke: Zhan Zhuang bezalako ariketak, kemena biltzeko; paseoan ibili, lasai-lasai… Gogoan izan forma fisikoa ez duzula galduko bi-hiru egunez ezer egin gabe egoteagatik, eta zure gorputzak zinez eskertuko duela. Ez izan beldurrik, beraz.

Paseoa txirrindulan

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: