Press "Enter" to skip to content

Gallarta Boxing (Kronika)

Miguez ikusgarri egon zen; Larrinaga, aldiz, estu

 

Speakerak galdegin zuen eta ikusleek erantzun, prest zeuden harmailak burrunba egiteko. Mila lagun inguru sartu ziren atzo Gallartako Txikito Frontoian eta den-denak irten ziren ase.

“Larri”-k, Miguezek eta Lunak irabazi egin zuten ordaindutako boxeoan. Horrez gain, boxeo olinpikoaren araupean borrokatu ziren hamabi gerlariren artean, Gabriel Moreno saria jokatu zen.

Julen Totorikak (BilboKO) eta Jon Cortegosok (Mampo Gym) eman zioten hasiera ekitaldiari. Hasiera ederra, lehia estua izan baitzen. Kolpe gogorrak trukatu zituzten biek, baina Totorikak gehiago konbinatu zuen eta horrelaxe eraman zuen garaipena, bere debutean.

Santiago Vanegas (Castrobox) eta pasa den urteko sariaren irabazlea, Douglas dos Santos (Okinawa), igo ziren ringera ondoren. Duda izpirik gabe, egurra ematera irten zen Vanegas; erritmo oso altuarekin hasita, hotz harrapatu zuen dos Santos eta borroka osoari eragin zion.

dsc01436.jpg
Vanegas (ezker) vs dos Santos (eskuin)

Douglasek irmo erantzuten zuen arren, Vanegas hazita zegoen eta handi egin zen, borrokari buelta emateko edozein saiakera zapuztuz.

Ander Llodio (Izarrak) eta Iñigo Medranok (Mampo Gym) harmailak altxarazi zituzten. 80 kilotan hitzartutako guda, indar handiz sartzen ziren ukabilkadak eta horrek zirrara eragin zuen ikuslegoan. Hiru roundetan dena eman ondoren Llodiok eraman zuen garaipena.

Jon Jaderren (Elite Sport) txanda iritsi zen, bazekien zertara zetorren eta, halaxe, ikuskizuna eman zuen. Ondo eutsi zion Bryan Smithek, baina argi gailendu zen “Jonja”. Bi besoekin azkar konbinatuz eta desplazamentu eta eskiba biziekin, gaueko protagonista bilakatu zen. Berarentzat izan zen borrokalaririk onenaren Gabriel Moreno saria.

Sari bera bilatzen zuen Juan Carlos Barrerak (Mampo Gym), Iñigo Baigorriren (Kuraia) aurrean zegoenean. Harrotasunez egiten zuen aurrera, presioa sartuz lortu zuen Baigorriri kontaketa bat egitea. Kuraiako borrokalariak ausart erantzun zuen, baina Barreraren presioa eta iniziatiba erabakigarriak izan ziren epaileentzat.

DSC01509.JPG
Baigorri (ezker) vs Barreras (eskuin)

Boxeo olimpikoko azken lehia Haritz Lopezen (Mampo Gym) eta Jon Ander Perearen (Bilbobox) artekoa izan zen. Zezen batek bezala egiten zuen aurrera Lopezek, mexikar erara dena jokatuz, eta halaxe eman zioten garaipena epaileek.

Jon “Good Boy” Miguezek ikuskizuna eman zien bertaratu ziren zaleei

 

Saul Lunak eman zion hasiera ekitaldiaren bigarren zatiari. Iago Barros (1-7-2) asturiarra zuen aurrean, arriskua aurreikusia zegoen, baina sorpresa ematetik gertu ibili zen Barros.

Eman bai, baina jaso ere egin zuen etxekoak, galiziarrak gertutik erasotzen zion; Luna, altuera aprobetxatuz, distantziatik konbinatzen saiatzen zen. Epaileek Lunari eman zioten garaipena bere bigarren borroka profesionalean, Barrosek kiroltasun handia erakutsi zuen eta harmailak bereganatu zituen.

Jon “The Good Boy” Miguez bere saltsan ibili zen. Borrokalari ezker eta mugikorra zeukan aurrean, Israel “Lokito” Muñoz. Bigarren borroka profesionala zen bientzat baina atentzio handia piztu zuten.

Etxeko izar gazteari gaua zapuztera zetorren Muñoz eta hala hasi zen, harrotasunez aurrera eginez eta kartak mahai gainean jarriz. Miguezek ohikoa duen lasaitasunarekin erantzun zion, kontraeraso garbiekin. Lehen rounda amaitu aurretik lurrera joan zen “Lokito” eta txirrina entzun arte heldu zion Miguezi.

DSC01645
Muñoz (ezker) vs Miguez (eskuin)

Roundak pasa ahala Miguezen nagusitasun teknikoa nabarmen egin zen, angelu ezberdinetako kolpeak joz eta ringaren erdigunea bereganatuz. Izar gazteak disdira egin zuen eta ikuskizuna eman zien bertaratu ziren zaleei.

Ibon Larrinagarena izan zen ekitaldiko azken lehia, borroka nagusia. Reynaldo Cajina (14-44-5, 10KO) nikaraguarrari ahal bezala aurre egin zion Ibonek. Boxeatu baino gehiago, misilak jaurtitzeari ekin zion Cajinak “Larri”ri atzera egitera behartuz.

Inguruan dantza egitera behartuta, kolpe zuzenekin puntuak lortu zituen Ibonek, baina ez zen truke handirik egon inoren partetik. Epaileek etxekoaren alde egin zuten erabaki eztabaidatsu batean eta, emaitza eman aurretik, ihes egiten saiatu zen Cajina.

Gaur goizean mezu hau bidali du bere facebooketik:

 

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: