Press "Enter" to skip to content

Non atentzioa… propiozepzioa eta entrenamendua

Zer da propiozepzioa?

Dudarik gabe, modan dagoen hitza da propiozepzioa. Baina zertaz ari gara hizketan hitz hori aipatzen dugunean? Jon Irazustak eta Jon Torres-Undak (Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak. Zientzia Kaierak), adibidez, honelaxe definitzen dute propiozepzioa: “Propiozepzioaren bidez, nerbio-sistema zentralak zehaztasun osoz kontrolatzen ditu gihar, giltzadura eta gorputz-atalen kokapena, mugimenduaren norabidea eta abiadura”. Azken batean, kontua da jakitea (hautematea) gure gorputza non eta nola dagoen kokatua espazioan. Osagai asko ditu, ezinbestean, propiozepzioak, giharrak, giltzadurak, zurdak, gorptuz-atalak… lantzen baitira haren bidez. Gaurkoan, bi besterik ez dugu aipatuko: koordinazioa eta gorputzaren gaineko kontzientzia edo pertzepzioa.

 

Nola landu koordinazioa?

Zenbatenaz koordinazio-maila hobea izan mugimendu batek, edo mugimendu-sekuentzia batek, indar gutxiago beharko dugu mugimendu hori, edo mugimendu-sekuentzia hori, modu egokian gauzatzeko. Era berean, lagunduko digu neke gutxiago izaten, eta lesioren bat gertatzeko arriskua murrizten. Propiozepzioaren ikuspegitik, berriz, ezegonkorrak diren tresnak erabiltzen dira koordinazioa hobetzeko: waff-ak, swiss ball-ak, arrabolak… Horrela, bada, gorputza (eta burua) azalera ezegonkor baten gainean lan egiten ohitzen denean, askoz errazago ibiltzen da gero azalera egonkor baten gainean. Eta maila fisikoan lortzen den hobekuntza horrek eragina du maila mentalean, problemen aurrean ere arintasuna eta irtenbide gehiago eskura izan baititzakegu.

 

Nola landu gorputzaren gaineko pertzepzioa?

Gorputzaren gaineko pertzepzioa lantzeko, bestalde, sentsazioak dira abiapuntu. Zentzumenak eta oreka sistema ehuneko ehunean aktibatu beharko dugu: pisua, bermeak, artikulazioen mugimenduak, giharren tentsioak eta erlaxazioak… Gorputzaren sakon-sakoneko sentsibilitatea landuko dugu, eta horrek mugimendu hobeak eta ekonomikoagoak egiten lagunduko digu. Bide horretan, bada, irudiak (posturak, egoerak… irudikatzea eta sentitzea), arnasa, zentzumenak aktibatu eta desaktibatu (begiak itxi, belarriak estali…), mugimendu geldo-geldoak eta azkarrak (kontrasteak)… bezalakoak erabiliko ditugu.

Nolako atentzioa?

Gorputzaren gaineko pertzepzioa eta koordinazioa oinarri-oinarrizkoak dira prestakuntza fisikoa hobetu eta epe luzerako zenbait ohitura aldatzeko. Azken batean, mugimendu berriak edo ohikoak ez direnak praktikatzeak bidea zabalduko digu atentzioa gure gorputzaren gainean zentratzeko. Eta hortxe dugu gakoetako bat: atentzioa gorputzean zentratua izatea. Horregatik da bereziki interesgarria haurrekin eta gazteekin lantzea, mugimenduen bidez gorputzean sortzen den pertzepzio fisikoa esperimentatzeak epe luzerako ohiturak finkatzea baitakar. Denok dakigunez, gero eta urte gehiago bizi da jendea; beraz, hobe da lehenbailehen ohitura onak finkatzea, zahartzaro luze horretara ahalik eta modu egokienean iristeko.

 

Nolako entrenamenduak?

Guk bide hauek erabiltzen ditugu propiozepzioa lantzeko:

Propiozepzioa waffak 2

  1. Azalera ezegonkorra duten tramankuluen gainean ariketak egitea: waff-ak, swis ball-ak, arrabolak…
  2. Gorputzaren gainean kontzientzia hartzeko ariketak egitea: arnasa, erlaxazioa geldirik eta mugimenduan, koordinazioa hobetzeko ariketak (disasoziazioak, gurutzatuak…)…
  3. Ibileran zentratutako ariketak: hankazpiak sakon landu, kontrasteak (goian-behean, astuna-arina…), artikulazioen arteko loturak…

One Comment

  1. […] Aurreko post batean eman genuen propiozepzioaren definizioa, eta haren gaineko zenbait oinarri azaldu genituen. Oraingo honetan koordinazioaz arituko gara, eta beste ikuspegi batetik landuko dugu gai hori: ariketa bat azalduko dugu, eta ariketa horretatik abiaturik ikusiko dugu nola lantzen den koordinazioa. […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: