Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (26)

Tao Te Ching

Lao Tse

26

Astuna da arinaren jatorria.

Geldia da mugimendu guztien sorburua.

 

Maisuak egun osoa ematen du bidaian

etxetik atera gabe.

Bista bikainak izanda ere,

lasai dago bere baitan bildurik.

 

Zergatik ibili beharko litzateke jirabiraka

herrialdearen jauna, tuntun baten moduan?

Haizeari uzten badiozu zu harat-honat eramaten,

zeure sustraiekiko lotura galduko duzu.

Egonezinari uzten badiozu zu mugiarazten,

zeure buruarekiko lotura galduko duzu.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

Astuna eta geldia, hasieran; sustraiak eta burua, bukaeran. Lotura estua dago hasierakoaren eta bukaerakoaren artean. Astuna da lurrean ongi sustraiturik egotea, norberaren ingurunea eta oinarriak ongi ezagutzea. Geldia bada mugimendu guztien sorburua, berriz, geldia ere da lastertasunaren beraren sorburua. Hala batean nola bestean, oinarrietara eramaten gaitu Lao Tse-k. Eta zein dira, bada, oinarri horiek? Beste behin ere zentratua egotea, ezta? Zentratua egotea edo dagokion tokian egotea, eskaintza ona (bista bikainak) jasota ere, argi eta garbi jakitea nondik nora jo behar duen, eta non eta nola egon behar duen.

Sustraiak eta burua ongi erabilita, gauza izanen zara beldurrak eta frustrazioak ongi kudeatzeko. Pazientzia gutxi dutenak askotan gelditzen dira inertziaren atzaparretan harrapaturik, eta emaitza ez da beti izaten batek espero bezain ona. Gogoan izan esaerak dioena: “Lan lasterra, lan alferra”. Arintasunak, bestalde, aukera-aberastasuna ekartzen du; bide berriak aztertu eta jorratzeko jokabidea zabaltzen du, eta hori ez da gutxi, kontuan harturik gero eta bide eta jokamolde estuagoak izaten ditugula eguneroko bizimoduan. Nolanahi ere, bada pentsamendu eta ekinbide bat beste guztien gainetik dagoena: logikan eta senean edo instintuan oinarritzen dena. Beraz, ez akabatu inoiz euli bat tigre baten buruaren gainean…

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: