Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (27)

Tao Te Ching

Lao Tse

27

Bidaiari on batek ez du egitasmo zehatzik,

ezta helmuga jakinik ere.

Artista on batek senari ematen dio agintea

gidatzeko nahi duen tokiraino.

Zientifiko on bat kontzeptuetatik aske da,

burua erabat irekitzen baitio dena delako agerpenari.

 

Hartara, Maisua denen eskura dago,

eta ez du inor baztertzen.

Prest da aukera guztiak erabiltzeko,

eta ez du bat bera ere alferrik galtzen.

Argitasuna haragi egitea deitzen zaio horri.

 

Pertsona jantzi bat pertsona ezgai baten

maisua besterik ez da, ezta?

Pertsona ezgai bat pertsona jantzi baten

langaia besterik ez da, ezta?

Nahiz eta oso pertsona argia izan,

hori ulertzen ez baduzu, galdu eginen zara.

Horixe da sekretuetan handiena.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

TTCH 27-2

 

“Gazteak baleki, zaharrak baleza” dio esaera zaharrak. Hau da, gazteak jakinduria balu, eta zaharrak egiteko ahalmena… Zaharrak ziren garai batean jakinduriaren gordailu eta , beraz, haren irakasle. Zekiten guztia irakatsi behar izaten zieten haien ondorengoei, jakinda “guzti” hura oso mugatua zela, ezinbestean. Horregatik behar izaten zuten “buru irekia”. Eta horregatik beragatik irakastea ez zen doktrinatzea. Oinarrizko lana zen hura, bizirik irauteko, bide bakarra baitzen jakinduria metatuz joan, eta, aldi berean, eboluzionatzeko esperientzia berrietan oinarriturik.

Gaurko egunean, berriz, gauzak asko aldatu dira: irakasbideak, irakasmoldeak… beste tankera bat hartu dute. Etxekoaz gain, eskola, hedabideak, Internet… ditugu eskura, eta erabat aldatu da jakinduria transmititzeko eta jasotzeko modua. Nolanahi ere, Lao Tse-k aipatzen dituen oinarriak oso kontuan hartzeko modukoak dira gaurko egunean ere: ez dakienari lagundu eta irakatsi, dakigun guztia irakatsi…

Baina, halaxe jokatzen dugu? Prestuasunik dugu premian dagoenari irakasteko? Prest gaude dakigun guztia irakasteko? Edo, nahiago dugu dakigun “apur” horretatik zeozer gorde guretako? Eta, halaxe egiten badugu, zergatik egiten dugu hori? Azaltzekorik gabe geratzeko beldurragatik? Geure buruari garrantzia emateagatik? Ez da askoz hobe erabat hustu eta, aldi berean, esperientzia (eta jakinduria) berriei erabat irekitzea burua eta gogoa? Hori izan daiteke sekretua bide zuzenetik joan eta bidaia ederrak eta interesgarriak egiteko?

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: