Press "Enter" to skip to content

Non atentzioa… fasziak ere agerian

Entrenamenduak garatu eta hobetzeko zientziak Bigarren Munduko Gerra bukatutakoan hasi ziren ugaritzen. Orduantxe hasi ziren ikerketa-lerro zenbait finkatzen hainbat unibertsitate eta zentrotan, baina garapena geroxeago iritsi zen; XX. mendearen 70eko eta 80ko hamarkadetan, alegia. Kirol-zientziak nahiko gazteak izanagatik ere, eboluzio nabarmena izan dute azken hamarkadetan. Atentzio-gunei begiratuz gero, kronologia labur-labur hau egin daiteke (Gunda Slomka, Faszien in Bewegung, 2015):

  • 1970eko hamarkada:
    • Indarraren entrenamendua izan zen atentzio-gune nagusia.
    • Eta nola egokitzen ziren giharrak, entrenamenduetako estimuluak aldatuz gero.
  • 1980ko hamarkada:
    • Atentzio-gunea sistema kardiobaskularrean eta kardiopulmonarrean jarri zen. Batez ere, nola egokitzen eta aldatzen ziren sistema horiek entrenamenduen bidez.
  • 1990eko hamarkada:
    • Malgutasunari buruzko ikerketa asko argitaratu ziren, eta giharrak luzatzeko hainbat metodo azaldu ziren.
    • Koordinazioa ere lehen planora ekarri zuten.
  • 2000ko hamarkada:
    • Gorputzaren enborra egonkortzea bihurtu zen atentzio-gune. Gihar-sistema bitan sailkatu zuten: gihar egonkortzaile sakonak, batetik; eta, bestetik, gainazaleko giharrak.
  • 2010eko hamarkada:
    • Pitteka-pitteka faszia ari da bihurtzen atentzio-gune nagusia. Izan ere, gero eta informazio gehiago dago fasziari buruz, eta gero eta modu eta bide gehiago ari dira zabaltzen hura entrenatzeko, eta entrenamendu arruntetan hura ere lantzeko.

Faszia 2

Baina, zer da faszia? Ehun konektiboz osaturiko egitura bat da faszia, gorputz guztian barna zabaltzen dena, hiru dimentsioko sare baten moduan. Beraz, gorputzaren egitura guztiak bildu eta konektatu egiten ditu, sakon-sakonetik azaleraino. Sostengua, babesa eta forma ematen dio gorputzari. Interesgarria da, hortaz, faszia lantzea (luzatu, indartu…), gorputz osoari eragiten baitio, hiru dimentsiotan. Sistema bat baino gehiago egon daiteke faszia lantzeko: mugimendu-sekuentzia jakin batzuk eginda, arrabolak eta horrelakoak erabilita… Nolanahi ere, ikerketak handituz doazen heinean, beste bide batzuk asmatuko dira faszia lantzeko. Adi egon beharko da, horrenbestez!

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: