Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (28)

Tao Te Ching

Lao Tse

28

Ezagut ezazu gizonezkoena dena,

baina egon zaitez emakumezkoenean:

har ezazu mundua zeure eskuetan.

Mundua bere horretan hartzen baduzu,

Tao-ak ez zaitu sekula alde batera utziko.

 

Ezagut ezazu zuria dena,

baina egon zaitez beltzarenean:

izan zaitez eredu munduarendako.

Munduarendako eredu bazara,

Tao-a indartsu izanen da zure barnean,

eta edozein gauza egin ahal izanen duzu.

 

Ezagut ezazu pertsonala dena,

baina egon zaitez inpertsonalarenean:

onar ezazu mundua, mundua den bezalaxe.

Mundua bere horretan onartzen baduzu,

Tao-ak argituko du zure barnea,

eta jatorrizko izatera itzuliko zara.

 

Hutsetik sortu da mundua,

lanabesak enbor batetik sortuak diren bezalaxe.

Maisuak lanabesak ezagutzen ditu,

baina enborrean egoten da.

horrela den-dena erabil dezake.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

TTCH 28-3

Polaritateetan zentratzen da, atzera berriz, Lao Tse kapitulu honetan: emakumezkoena, beltzarena, inpertsonalarena… yin tankerakoak dira. Beraz, pertsona baten egote modurik egokiena lurrarekin, sakontasunarekin, lotzen du Lao Tse-k, beheko posizio, estatus, mailekin, handinahikeriak ez baitira bidaide onak bizian. Oso goian egonda ere, oinarri on eta sendoak dituenak jakinen du nola itzuli, berriz ere, beheko tokietara. Jakinen du onartzen eta aitortzen egindako okerrak.

Mundua osotasun baten moduan hartu, onartu eta aztertu beharra dago; eta ez zatika, gure interesen arabera. Ez da hori gaurko egunean dagoen eztabaidarik garrantzitsuenetako bat? Klima-aldaketaz, ekologiaz, biodibertsitateaz… hitz egiten dugunean, adibidez, zertaz ari gara hizketan? Halere, zaila da, gure txikitasunetik eta handinahikeriatik abiaturik, onartzea munduaren osotasuna eta elkarrekiko mendekotasuna eta hartu-emana.

Enborra, zuhaitza… ekosistemaren gunea da. Egurra, zura, lanabesak… sortzen dira harengandik, baina perfekziorik handiena zuhaitza denean lortzen du, izaki bizidun moduan oso-osorik azaltzen denean, alegia. Eta horixe bera egiteko gomendatzen digu Lao Tse-k, esaten duenean enborrean egonda bide guztiak eskura eta erabiltzeko moduan daudela. Arazo baten aurrean, esaterako, errazago da irtenbide guztiak ikustea, baldin eta enborrean, erdigunean, bizirik eta osorik bagaude.

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: