Press "Enter" to skip to content

Kerman Lejarraga: Garaitezinaren Kondaira

Hasieratik amaieraraino menperatu zuen Del Rio Kermanek, hotz jokatuz

 

Ohorezko aurkaria izan zuen Kermanek bart gauean, Jose “El Niño” Del Riok (26-7, 7KO) hamar roundetan heldu zion Errebolberrari. Norgehiagoka guztian etxekoaren menpe egon arren, amaieraraino izan zen arriskutsu balearra. Erabakia Kermanen aldekoa izan zen; 99-90, 98-92 eta 99-91 eman zuten epaileek.

11.000 lagun inguru bildu ziren Bilbao Arenan Espainiako welter pisuko txapelketa ikusteko; horietako batzuen txistuek isiliarazi zuten Espainiako ereserkia, hark eman baitzion hasiera lehiari.

Tentuz hasi zuen Kermanek lehen rounda, betiko legez, bere jab indartsuarekin erritmoaren jabe eginez. Boxeolari ezkerra zuen aurrean, eta bat-bikoaz baliatu zen kartulinetan gora egiteko.

“Pixkanaka-pixkanaka” esaten zion Txutxik atsedenean, eta halaxe egin zuen Errebolberrak. Bigarren roundaren hasieran balearrari sartu zion ezker krotxetarekin batera Kermanek presioa igotzeari ekin zion, ongi babestuz beti eta arrapaladan joan gabe.

Hirugarrenetik aurrera, Kermanen eskuin zuzenak Del Rioren aurpegia bortizki mailukatzen hasi ziren. Jabarekin batera desplazamentu diskretuak ematen zituen zuzenak gozo-gozo sartzeko. Ezkerrei aurre egiteko eskuliburua ondoan zeukala zirudien.

Ausart erantzuten zuen Del Riok, baina arrakasta gutxirekin. Kolpe batzuk sartzea lortu arren, Morgakoak neurria hartua zion eta balearraren aurpegia ubeltzen hasia zen.

Seigarrenean, nahigabeko burukada batek bekaina zabaldu zion Kermani. Infernu galanta zetorkion Maritxalarri, bi gerlariek ohore handiz aurrera egiten jarraitu baitzuten, nahigabeko burukadak behin eta berriz errepikatuz. Zorionez ez zen ezer larririk gertatu.

Borrokaren intentsitatea igotzen jarraitu zuen Kermanek eta goren-gorenean mantendu zen amaieraraino, puntuetara garaipena argia izan arren. Bederatzigarrenean Del Rio lurrera joan zitekeela antzematen zen, baina gogor heldu zion “El Niño”k, ezker arriskutsuekin erantzuten.

Prestakuntza fisiko itzela erakutsi zuten bi boxeolariek, Del Riok batez ere, jasandako zigorra handia izan arren kolpeak irmo ematen jarraitu baitzuen.

Ikuskizun ezin hobea Kermanena; 24 aurkaritik 19 KO bidez garaitu ondoren, borroka luzearen proba gainditu beharrean zegoela zirudien. 2016an Laslo Toth-en aurka erabaki bidez irabazi ondoren, hainbaten hitzak ixilaraztea geratzen zitzaion Kermani eta halaxe egin zuen. Estrategia aparta erakutsi zuen, hoztasun handiz exekutatua. KOa itsu-itsuan bilatu gabe, baina bilatuz, bere boxeoari lehial presio ikaragarria eginez.

Errebolberra gerlari gisa eboluzionatzen ari den bitartean, garaitezina den Kerman Lejarragaren kondaira erraldoi egiten ari da

 

Gehiago: Europako Txapelketa izango da Kermanen hurrengo pausoa

3 Comments

  1. […] 11.000 lagun inguru bildu ziren Bilbao Arenan, euskal boxeoaren ordezkari gorena akzioan ikusteko irrikitan. Kerman Lejarragaren borrokarik onenetako bat ikusi ahal izan zuten denek, Jose Del Rio Espainiako tx… […]

  2. Anonimoa Anonimoa 2017-11-14

    Kronika ederra, Jon. Segi holaxe!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: