Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (29)

Tao Te Ching

Lao Tse

29

Mundua hobetu nahirik?

Ez dut uste horrelakorik egin daitekeenik.

 

Mundua sakratua da.

Ezin da hura hobetu.

Eskuetan erabiliz gero, hondatu eginen duzu.

Objektu baten moduan erabiliz gero, galdu eginen duzu.

 

Bada garai bat aurrean egoteko,

eta bada garai bat atzean egoteko.

Garai bat, mugimenduan;

garai bat, atsedenean.

Garai bat, kementsu;

garai bat, akiturik.

Garai bat, salbu eta seguru;

garai bat, arriskuan.

 

Gauzak diren bezalaxe ikusten ditu Maisuak,

mendean hartzen saiatu gabe.

Beren bidea egiten uzten die gauzei,

eta zirkuluaren erdian egoten da.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

TTTC 29-2

Aurreko kapituluaren ildo beretik jarraitzen du honetan Lao Tse-k, munduari buruz duen pentsamolde ekologikoa eta ziklikoa azalduz. Haren ustez, hobe da bere horretan uztea mundua, “hobetzen” saiatu gabe. Zergatik, ordea? Mundua edo natura, kasurako, ekosistema osotu eta integratu bat delako, alderdi guztiak modu orekatuan bere baitan biltzen dituena: biodibertsitatea, espezien egokitzapenak, biomasa-sistemak… Eta ez dirudi bide egokirik asmatu dugunik, orain artio behinik behin, oreka hori perfektuago egiteko, ezta? Beraz, muina eta ardatza hobetzerik ez badago, utz dezagun dagoen moduan eta goza dezagun hartaz. Badirudi hori dela Lao Tse-k eman nahi digun mezua.

Dinastiak, inperioak, herrialdeak, zibilizazioak… sortu eta suntsituak izan dira etengabe historian barna. Mundua aldatzen ari da, baita une honetan ere, natura berez aldakorra baita. Naturaren ziklo nagusiak errepikatuko dira, baina ez dira berdin-berdinak izanen. Era berean, gure biziaren ziklo nagusiak errepikatuko dira, baina ziklo horiek oso desberdinak dira gazteak, helduak edo zaharrak garenean. Eta kapitulu honen mezu nagusia, antza, bide horretatik doa; hau da, bizi zaitez naturarekin bat eginda, eta utzi gauzei beren bidea egiten. Eta mezu horrek ez dauka zerikusirik pasibotasunarekin, bizia berez prozesu eta ibilbide aktiboa baita, garaian garaikoa.

“Pozoitu ezazu ibaia, eta ibaiak pozoituko zaitu” dio esaera batek. Natura da serie-hiltzailerik handiena, ankerrena eta perfektuena; lekutan gelditzen da Hollywood, haren aldean. Ideia nagusia oso sinplea eta argia da: natura galdu edo hondatuz gero, geure burua ere galduko edo hondatuko dugu. Kontua ez da izu eta beldurrez beterik bizitzea, hondamendia noiz etorriko zain, baizik eta inguruneaz gozatzen ikastea, zirkuluaren erdian egonda.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: