Press "Enter" to skip to content

Non atentzioa… propiozepzioa eta koordinazioa

Aurreko post batean eman genuen propiozepzioaren definizioa, eta haren gaineko zenbait oinarri azaldu genituen. Oraingo honetan koordinazioaz arituko gara, eta beste ikuspegi batetik landuko dugu gai hori: ariketa bat azalduko dugu, eta ariketa horretatik abiaturik ikusiko dugu nola lantzen den koordinazioa.

Zer behar duzu ariketa egiteko?

Bi oreka-kuxin eta pilota jauzilari bat (txikia, konpaktua eta oso azkar ateratzen dena lurraren kontra edo hormaren kontra jo ondoren).

Koordinazioa 1-1.png Koordinazioa 2-1.png

Nolako postura hartu behar duzu? (hasierakoa)

Bi kuxinak paraleloan jarri, sorbalden zabaleran gehienez ere, eta haien gainean zutik jarri. Desorekari hobeki eusteko, komeni da belaunak pittin bat makurturik egotea, eta bizkarrezurra zuzen, sorbaldak eta besoak aske gera daitezen lan egiteko. Era berean, gorputza pittin bat aurreraka makurturik (bizkarrezurra zuzen, betiere) egon behar da, atzeraka jarriz gero eroriko baikara.

Koordinazioa 4.png

Zer egin behar duzu?

Kuxinak bi-hiru-lau metrora (zailtasun mailaren arabera) jarri horma batetik, eta pilota hormaren kontra bota eta, bueltan etortzen denean, jaso. Esku batekin bota eta bestearekin jaso daiteke, txandakatuz, edo esku bera erabil daiteke botatzeko eta jasotzeko. Goitik, albotik, azpitik… bota eta / edo jaso daiteke. Abiadura ere alda daiteke, edo bota dezakegu pilota hormatik zuzenean lurraren kontra jo dezan, botea eman, eta gero guk jaso… Hamaika aukera daude. Adibidez, hormaren kontra bota beharrean, lurraren kontra bota dezakegu pilota, botea eman dezan, eta berriz jaso gora joaten denean. Zerorrek asmatu, bide eta aukera asko baitago eskura.

Zer alda daiteke?

Postura alda dezakezu, esaterako: hanka bat aurrean, eta beste bat atzean; edo bi hankak kuxin bakar baten gainean, edo hanka baten gainean… Pilota handiago bat (edo baloi bat) erabil dezakegu. Erraketa bat, pala bat, makil bat… erabil dezakegu, zein kiroletara bideratu nahi dugun ariketa kontuan harturik (hankaz ere eman diezaiokegu pilotari edo baloiari)…

Nolako progresioa izan dezake ariketa honek?

Norberak ikusiko du noraino zaildu nahi duen, edo zail dezakeen, ariketa, baina koordinazioa hobetzeko asmoarekin egiten bada, gutxienez aldaera hauek har daitezke kontuan.

  • Ariketaren zati bat begiak itxita egitea. Esate baterako, pilota bota begiak itxirik daudela, eta jasotzeko momentuan ireki. Belarriak ere estal daitezke.
  • Hanka bakar baten gainean egin daiteke.
  • Kuxinen gaineko lana egin ondoren, leku handiago batean desplazamendu azkarren bidez errepika daitezke aurreko ariketak orientazioa eta erreakzionatzeko gaitasunak hobeki lantzeko, betiere landu nahi den kirolari egokiturik: ukabilkadak, ostikoak, pilotarien gantxoak, boleak eta dejadak… erabilita, adibidez.

Nolanahi ere, kontua hartu progresioa mailaz maila egin behar dela; hortaz, har ezazu behar den denbora-tartea egindako lana barnera dadin. Ez ahaztu oinarriak behar bezala lantzea dela egin beharreko lehendabiziko lana: progresioaren oinarria, alegia.

Zer landuko duzu?

Ariketaren aldaerak eta progresioa eginda dagoenean, koordinazioaren ikuspegitik hauexek lantzen dira:

  • Orientazioa (denbora, espazioa, alderdi kinestesikoak…)
  • Erreakzionatzeko gaitasuna
  • Mugimenduak desberdintzeko gaitasuna
  • Erritmoa
  • Oreka
  • Aurrea hartzeko gaitasuna
  • Egokitzeko gaitasuna.

Hau da, koordinazioaren alderdi nagusi guztiak lan daitezke ariketa honen bidez.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: