Press "Enter" to skip to content

Diazek, Gagok eta Latigok garaipena lortu zuten

Argazkia: espabox

Ezkabarten, Ruben Diazek (25-1-2, 16KO) boxeolari sendoa dela erakutsi zuen berriro ere; hirugarren roundean eskua hautsi eta gero, amaieraraino jarraitu zuen borrokan, garaipena eskuratu arte.

Lehen aldiz defendatu zuen nafarrak Europar Batasuneko pisu ertaineko gerrikoa, Rafal Jackiewicz (49-18-2, 22KO) poloniarraren aurka. Lehia parekatua eskaini zuten bi gerlariek, eta epaileen erabakia etxekoaren aldekoa izan zen: 117-111, 116-112 eta 116-112.

Norgehiagoka GOL telebistan emango dute aste honetan.

Errenterian, Andoni Gagok (18-3-2, 6KO) Hector Brea (5-1) garaitu zuen, intentsitate handiko lehia batean. Asturiarrak ongi heldu zion Otxarkoagakoari, baina ez zen nahikoa izan “El Macho”ren itzuleran oztopo izateko.

Hemen azken rounda Promotion Boxing Kasen eskutik:

 

Etxeko gerlariaren norgehiagoka izan zen zeresan gehien eman zuena. Sebastian “Latigo” Perezek (9-0, 2KO) Ionut Balutaren (8-2, 2KO) aurka borrokatu zuen, garaipen oso estua eskuratuz.

Hala izan zen Maritxalarrentzat, 77-75 eman baitzuen etxekoaren alde. Norgehiagokaren epaile bakarra izan zen Manu, eta etzioten utzi erabaki erraza hartzen bi gerlariek.

Balutak eraman zuen norgehiagokaren erritmoa, distantzia hartuz eta kolpe ugari konbinatuz. Baina errumaniarraren ukabilkadek ez zioten min handirik egiten errenteriarrari; guardia ondo itxita, mugitu eta kontraeraso gogorrekin erantzuten zion.

Baluta garaile ikusi zutenek, borrokaren pisua eraman zuela argudiatzen dute, iniziatiba hartu eta askoz ere kolpe gehiago jaurti zituelako. Latigoren kolpeak, ordea, isolatuagoak bai, baina eraginkorragoak ere izan ziren. Hori izanen da, seguruenik, Maritxalarrek gehien baloratuko zuena.

Gipuzkoarrak estrategia bera mantendu zuen borroka guztian, Balutari lan egiten utzi, ondo babestuta, eta konbinatzen zuen bitartean erantzun.

Azken rounda Promotion Boxing Kasen eskutik:

 

Ostiralean, ez galdu ETB1eko Boxeo Izarrak saioa, borroka hauetaz arituko baitira Manu Maritxalar eta Pedro Mari Goikoetxea! 

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: