Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (30)

 

Uso zuria

hegan egin ezinik,

arrano-polak!

Tao Te Ching
Lao Tse
30

 

Tao-tik aldendu gabe jendea gobernatzen duen agintaria

ez da saiatuko indarrez helburu bat lortzen,

ezta etsaia suntsitzen ere armen indarraren bidez.

Indar bakoitzeko kontrako indar bat dago.

Indarkeria, asmo onez eginda ere,

beti erortzen da berriz egilearen gainean.

 

Maisuak bere lana egiten du,

eta gero gelditu egiten da.

Ulertzen du unibertsoa beti

dagoela kontroletik kanpo,

eta gertakizunak mendean hartzen saiatzea

Tao-lasterraren kontra joatea dela.

Bere buruaren baitan sinesten baitu,

ez da saiatzen inor ere konbentzitzen.

Bere buruarekin pozik baitago,

ez du inoren onespenik behar.

Bere burua onartzen baitu,

mundu guztiaren onarpena du.

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

Indarkeriaren kontrako mezua ematen digu Lao Tse-k kapitulu honen hasierako lerroetan, modu zabalean ulerturik. Baina gogoan izan behar dugu indarkeriak aurpegi asko dituela, eta oso erraz manipula daitekeen kontzeptua dela. Zeinen erraz justifikatzen duten boteretsuek eurek darabilten indarkeria! Edozein mota dela ere. asmo onez edo txarrez eginda ere. Kontzeptu bitxi bat asmatu dute gure inguruko agintariek: indarkeriaren monopolioa. Eta, jakina, monopolioa haiena da, eurek bakarrik erabil baitezakete indarkeria, “justifikatua” betiere.

Nolanahi ere, indarkeria mota zein den, halakoxea izanen da boteretsuen jokabidea. Adibidez, indarkeriaren bidez odola eta/edo errepresioa sortzen bada, nahiago izaten dute “etxetik” urrun indarrean jartzea, oso errentagarria baita kanpoko etsaien mehatxua. “Etxean” gertatuz gero, berriz, giza talde jakin bati aplikatzen zaio, oro har; arrazoi sozialak edo politikoak direla-eta erraz kriminaliza badaiteke, behinik behin.
Baina, beharbada, indarakeria mota zabalduena da agerikoa ez dena: informazioa ezkutatu, jendea manipulatu, eroskeria erabili… egiten duena.

Testuinguru nagusia kontuan harturik, hortaz, agintarietatik nor ez da Tao-tik aldentzen? Nor ez da saiatzen Tao-lasterra mendean hartzen? Nor dago pozik (eta, nolabait, ase) bere buruarekin? Nork sinesten du bere buruaren baitan (saiatu gabe inor ezertaz ere konbentzitzen)? Nork onartzen du bere burua den bezalakoa? Ez dugu erraz horrelako alerik opatuko; ez, behintzat, gure inguru hurbil honetan.

Halako batek zioen moduan, Jainkoak libra gaitzala boteretsuen aurrean otzan eta esaneko, eta herriaren zati baten aurrean harro eta zital agertzen diren agintariengandik. Ezaguna ote, gure inguruan?

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: