Press "Enter" to skip to content

Non atentzioa… propiozepzioa eta baloi handiak

Propiozepzioaz eta koordinazioaz hitz egin dugu dagoenekoz aurreko post batean baino gehiagotan. Post horien bidetik jarraiturik, bada, ariketa bat azalduko dugu, eta ariketa horretatik abiaturik ikusiko dugu nola lantzen den propiozepzioa eta koordinazioa.

Zer behar duzu ariketa egiteko?

Swiss ball-eko baloi bat. Tamaina pertsonaren altueraren arabera aukeratzen da, baina ariketa hau egiteko ez da komeni 75 cm-koa baino handiagokoa izatea. 65 cm-koa tamaina polita izaten da.

Nolako postura hartu behar duzu? (hasierakoa)

Lurrean etzanda, ahoz gora, bizkarra ongi bermaturik lurraren kontra. Belaunak makurturik daude, hankazpiak eroso bermatzeko lurraren gainean. Ariketa hainbat modutan egin badaiteke ere, postura hau oinarrizkoa izanen da aldaera guztietarako.

Zer egin behar duzu?

Baloia eskuekin hartu eta besoez bultzada bat eman baloiari, eta goraka bota, buruaren gainetik. Hankak zabaldu eta baloia harrapatu behar duzu hankekin. Hasieran ez duzu baloia oso altu botako, baloiaren kokapenaz eta denbora tarteaz ongi jabetu beharra dagoelako.

Gero, geldi-geldi, altuera emanen diozu baloiari, eta hankei ere bultzada bat emanen diezu goraka joan daitezen baloia gero eta tokia altuagoko batean harrapatzeko.

Zer alda daiteke?

Baloiaren ibilbidea alda daiteke, egiten duen kurba desberdina izan dadin. Hankek egiten duten mugimendua ere alda daiteke, baloia ez harrapatzeko beti toki berean: aurrerago, atzerago, ezkerralderago, eskuinalderago… bota eta harrapa daiteke baloia.

Nolako progresioa izan dezake ariketa honek?

Norberaren prestakuntza fisikoaren arabera asko zaildu daiteke ariketa hau, eta aldaera asko izan ditzake. Landu nahi den kirolak ere baldintza dezake ariketa honen planteamendu orokorra. Guk geuk honako aldaera hauek erabiltzen ditugu:

  • Askotan bi lagunen artean egiten dugu ariketa hau: bata etzanda jartzen da, goian azaldu dugun moduan, eta bestea zutik jartzen da 3-4-5 metrora, eta baloia botatzen dio etzanda dagoenari harrapa dezan hankekin. Etzanda dagoenak aurrez aurre begira diezaioke zutik dagoenari, edo bizkarrez jar daiteke, baloia beste ikuspuntu batetik etortzen ikusteko (edo sentitzeko). Kasu honetan ere, baloiaren altuerak eta harrapatzeko posizioa alda daitezke. Baloia hankekin harrapatu, hanken artean harrapatu ondoren eskuekin hartu eta zutik dagoenari azkar-azkar bidali behar dio, berriz ere bota diezaion. 8-10 aldiz, edo gehiagotan, egin daiteke jarraian.
  • Baloi handia bota beharrean, baloi txikiagoak erabil daitezke, edo pilota txikiak, bigunak. Eta hankekin harrapatu beharrean, eskuekin eman dakioke pilotari (pilotarien kasuan), edo ukabilkada (borrokalarien kasuan), edo hankekin eman baloi txikiari edo pilotari (futbola, borroka…). Gorputzaren aldeak txandakatu behar dira: lehendabizi, ezker; gero, eskuin…
  • Ariketaren zati bat begiak itxita egin daiteke; baloia edo pilotak botatzen dituenak abisua eman arte, adibidez, begiak itxita edukita.
  • Abiadura eta espazioen erabilera ere alda daiteke. Esaterako, tokiak truka daitezke behin eta berriz: hau da, baloia lurrean jasotzen duenak, zutik dagoenari bota ondoren, azkar zutitu eta bestearen tokira joan behar du lasterka; eta, alderantziz, zutik dagoenak lasterka joan behar du etzatera.

Progresioa mailaz maila egin behar bada ere, ariketa honetan oso kontuan hartu behar da bizkarrak egiten duen lana; hortaz, lesiorik edukiz gero, edo minik sentituz gero, hobe ez egitea.

Zer landuko duzu?

Ariketaren aldaerak eta progresioa eginda dagoenean, koordinazioaren ikuspegitik hauexek lantzen dira:

  • Orientazioa (denbora, espazioa, alderdi kinestesikoak…)
  • Erreakzionatzeko gaitasuna
  • Mugimenduak desberdintzeko gaitasuna
  • Erritmoa
  • Oreka
  • Aurrea hartzeko gaitasuna
  • Egokitzeko gaitasuna.

Hau da, joan den asteko ariketan bezalaxe, koordinazioaren alderdi nagusi guztiak lan daitezke ariketa honen bidez. Eta, zer esanik ez, bi ariketak batera landuz gero…

 

 

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: