Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (31)

Tao Te Ching

Lao Tse

31

Indarkeriaren lanabesak dira armak;

pertsona zintzoek gorroto dituzte.

 

Beldurraren lanabesak dira armak;

pertsona zintzoek baztertzen dituzte.

Tentu eta kontu handiz

erabiliko ditu Maisuak armak,

soilik horretara erabat beharturik badago.

Bakea da balio gorena.

Bakea hautsirik badago,

nolatan egon daiteke pozik?

Haren etsaiak ez dira deabruak;

bera bezalako pertsonak dira besterik ez.

Ez dio inori gaitzik desiratzen.

Garaipenak ez dio pozik ematen.

Nolatan poztu, ordea, garaipenarekin

eta atsegin hartu pertsonen hilketekin?

 

Larri eta kopetilun sartzen da guduan,

pena eta gupida handiz,

hileta batera joanen balitz bezala.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

“Bakea da balio gorena” dio Lao Tse-k kapitulu honetan. Eta zeinen erraz ahazten dugun hori! Bake giroan bizi garela, ez diogu balio handirik ematen bakeari. Osasuntsu gaudenean, osasunari ere balio handirik ematen ez diogun moduan. Hura galtzean hasten dira komeriak eta estutasunak. Nolanahi ere, muga bat jartzen dio bakezaletasunari, onartzen baitu armak erabiltzea, baldin eta horretara erabat beharturik badago pertsona bat. Eta, puntu horretan hasten dira ñabardurak; izan ere, “erabat beharturik” egote hori oso desberdina izanen da norberaren ikuspuntuaren, bizi esperientzien edo sinesmenen arabera.

Kontua da jendarte “moderno eta demokratikoetan” ez dagoela pertsonen esku erabakitzea noiz eta nola erabili behar den indarkeria edo piztu behar den gerra bat. Agintarien esku utzi da, neurri handi batean, jendarte horietan erabaki horiek hartzeko ahala. Gobernu horietako baten aurrekontuak aztertuz gero, segituan ikusiko dugu hiru alorretan, batez ere, gastatzen dutela dirua: osasuna, hezkuntza eta segurtasuna. Ez da kasualitatea. “Estatuak” hartzen ditu erabakiak, bai onerako, bai txarrerako, ez baitago ohiturarik, ez kulturarik, jendeari iritzia eskatzeko. Beraz, gure ardura mugatua da, oso, hiru alor horietan (gutxienez), eta batez ere kezkatzen gara zeozer galdu dugun sentsazioa edo konfirmazioa dugunean. Bake-giroa galtzean, adibidez, gerraz edo indarkeriaren erabileraz hasiko gara kezkatzen; osasuna galtzen dugunean, berriz, medikuarengana joanen gara botika eman diezagun…

Hori guztia gutxi izan ez eta ez dira, ba, hasi, adimen artifiziala erabilita, robot hiltzaileak garatzen eta sortzen? Makina batek erabaki dezake hilko zaituen edo ez. Galdera da noraino handiko ote den makinen huts egiteko aukera, ez ote garen (edo gaituzten) denok sartuko albo-kalte horien zaku gero eta handiagoan.

Gauzak ez lirateke apur bat (edo asko) aldatuko, baldin eta denok ardura gehixeago hartuko bagenu geure segurtasunez, geure osasunaz, geure hezkuntzaz, geure…? Edo, txarra da hori? Eta hala bada, norendako da txarra eta kaltegarria?

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: