Press "Enter" to skip to content

Non atentzioa… propiozepzioa eta sinkronizazioa

Beste ariketa baten bidez azalduko dugu nola landu daitekeen propiozepzioa eta sinkronizazioa.

Materiala

Baloi ertain bat. Oso egokiak izaten dira 15-18 cm-ko diametroa dutenak.

Azalera ez-egonkorreko kuxinak edo antzeko tresnaren bat (bosua…).

 

Beroketa

Baloi ertaina erabil dezakegu beroketarako.

Postura

Zutik, hankak paraleloan sorbalden zabaleran (edo zabalagokoak).

Mugimendua

Baloia esku batean dugula, hanka baten atzeko aldetik pasatu, eta beste eskuarekin heldu, gora eraman aurreko aldetik buruaren altueraraino, eta berriz pasatu hankaren atzeko aldetik. Beste eskuarekin heldu… Zortziko handiak egin behar dira. Oso lan interesgarria da bai hankak (koadrizepsak, batez ere), bai bizkarralde osoa, bai besoak lantzeko aldi berean.

Aldaerak

Aurreraka, atzeraka, zeharka… ibiltzen egin dezakegu aurreko ariketa hori bera, eta abiadura ere alda daiteke. Era berean, zortzikoen norabideak alda daitezke.

Potentzia edo indar gehiago lortu nahi izanez gero, 2-3-4… kiloko baloia erabil daiteke.

Propiozepzio-lana

Baloia eta kuxinak erabil daitezke propiozepzioa lantzeko:

  • Hanka bat kuxin baten gainean eta beste hanka beste baten gainean.
  • Baloia gora bota esku batekin eta esku berberarekin hartu, edo beste eskuarekin hartu (txandakatu).
  • Balia pareta baten kontra bota eta harrapatu. Esku bakarra edo bi eskuak erabilita.
  • Baloia lurraren kontra bota eta harrapatu.
  • Baloia lagun bati pasatu, berak harrapa dezan eskuekin, edo ostiko bat emanez guri berriz bueltatzeko.
  • … (norberak asmatzeko)

Aldaerak

Bi kuxin erabili beharrean, bakarra erabili, eta aurreko lan guztia egin daiteke bi hankak kuxin bakarraren gainean jarririk, edo hanka bakar baten gainean.

Begiak itxita egin daiteke ariketaren zati bat.

Pisu gehiagoko baloiak erabil daitezke, batik bat bi lagunen arteko jaurtiketak egiteko.

Sinkronizazio-lana

Lan dinamikoagoa da sinkronizazioari dagokiona, eta aldaera asko izan ditzake, kirolaren arabera egokitu baitaiteke egin beharrekoa. Adibidez.

  • Hanka bat kuxin baten gainean jarririk, bulka egin kuxinaren gainean aurreraka eginda salto bat emateko. Aldi berean, baloia goraka bota, eta airean dagoela kolpe bat eman eskuz, edo ostiko bat hankaz (edo tresnaren bat erabilita…).
  • Ongi neurtu behar dira tarteak, hala denbora-tartea nola espazio-tartea, baloiari behar den momentuan kolpea emateko. Bestaldera, gorputzaren mugimenduak ez dira ongi koordinatuko, eta ezin izanen diogu eman beharreko indarra eman baloiari, ezta behar bezala eta nahi dugun toki aldera bideratu ere.
  • Aurretik lasterka txiki bat egin daiteke kuxinaren gainean (edo bosuren gainean) jauzi egin baino lehen, eta airean gaudela kolpea eman baloiari. Oso ongi koordinatu beharko da noiz bota baloia airera.
  • Baloia beharrean, pilotak edo beste batzuk bota daitezke, landu nahi den kirolaren arabera.
  • Eskuarekin eman beharrean, hankarekin, ukondoarekin… eman dakioke baloiari.
  • Airean gorputza jiratu eta eman.

Oraingo honetan gorputz osoa lantzeaz gainera, sinkronizazio-lana gailentzen da gainerako eginbeharren gainetik. Izan ere, sinkronizazio egokirik ezean ezin baita ariketa hau behar bezala egin, eta, jakina, sinkronizazioa modu intentsiboan landu behar da propiozepzio egokia lortu nahi bada behinik behin.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: