Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (33)

Tao Te Ching

Lao Tse

33

Besteak ezagutzea adimena da;

nork bere burua ezagutzea, egiazko jakinduria.

Besteen irakasle eta aholkulari izatea indarra da;

nor bere buruaren irakasle eta aholkulari izatea, egiazko boterea.

 

Jabetzen bazara nahikoa duzula,

egiatan aberatsa izanen zara.

Erdian bazaude

eta heriotza bihotz osoz besarkatzen baduzu,

betiko iraunen duzu.

 

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

Heriotzaren ondorengo balizko biziaz hainbeste pentsatu beharrean, ez litzateke hobe izanen gehixeago pentsatzea nola hobetu daitekeen gure eguneroko bizia? Beste nonbaiteko eta noizbaiteko lekuaz eta denboraz hausnarrean aritu beharrean, hobe da “hemengoaz” eta “oraingoaz” aritzea. Horretarako ezinbestekoa da nork bere burua ongi ezagutu eta egoki gobernatzen ikastea.

Nondik abiatu, ordea, hori lortzeko? Lao Tse-k esaten digu, daukagunaz ohartu eta askitzat hartuz gero daukagun hori, bide bat irekiko dugula iraganarekin eta/edo etorkizunarekin preso eta kateaturik ez gelditzeko. Horrek ez du esan nahi ezin gerta daitekeenik aldaketarik norberaren bizian. Inola ere ez! Baina, seguruenik, askoz ere hobeki ulertuko dugu aldatzeko premia hori, baldin eta “orain eta hemen” zentraturik bagaude. Osasuna galtzen dugunean, esaterako, unearen uneko garrantziaz jabetzen gara bat-batean.

Zer dakigu, bada, eduki genezakeen horretaz? Ja ere ez, gehien-gehienetan. Halere, gure beldurrek eta segurtasun ezak askotan bulkatzen gaituzte etorkizunaren mendean bizitzera, eta ez bakarrik ustezko bizi horri begira, neurrigabekoa izaten baita askotan aberatsak izateko nahia. Zenbatetan ez ote da gertatu aberastu ondoren irabazitako guztia gastatu behar izatea berreskuratzeko galdutako osasuna? Beraz, zenbatenaz gertuago egon gure nahikotasun maila eguneroko biziaren premietatik, zentratuagoak egonen gara egiatan garrantzia duten gauzetan.

Hilezkortasuna da, bestaldetik, Txinako tradizioan oihartzun handienetakoa izan duen gaietako bat. Han-hemengo jende askoren helburu nagusia ere izan da, da eta izanen da, seguru aski, hilezkortasuna lortzea. Baina Lao Tse-k, kapitulu honetan, “betiko iraunen duzu” esanagatik ere, hilkortzat ditu izakiak: “heriotza bihotz osoz besarkatzen baduzu”. Hau da, bizia bera nahikotzat eduki beharko genuke bizirik gauden bitartean, eta horrek esan nahi du jaio eta hilen garela, dudarik gabe. Azken batean, zer gordetzen dugu hobekien gogoan? Beste batek esan duena? egin duena? edo, sentiarazi diguna? “Bihotz osoz” horrek emozioen mundura garamatza; oso gutxitan aztertzen eta baloratzen den mundu horretara, alegia.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: