Press "Enter" to skip to content

Non atentzioa… arreta-guneak: gorputzaren barruan edo gorputzetik kanpo?

Duela bost urte oso artikulu interesgarria argitaratu zuen Gabriele Wulf-ek: Attentional focus and motor learning, a review of 15 years. Dudarik gabe, garrantzitsua izan da beti, kirol irakaskuntzan, azaltzen jakitea zer mugimenduak egin behar diren, eta zein den biderik onena mugimendu horiek ahalik eta azkarren eta hobekien ikasteko. Hau da, zer ikasi eta nola ikasi. Kirol bakoitzak zehaztuak ditu, gutxi gorabehera, zein diren egin beharreko mugimenduak jarduerari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Zehaztu gabe dago, ordea, nola ikasi/irakatsi mugimendu horiek, irakasle bakoitzak erabateko askatasuna baitu irakasgaia nahi duen moduan antolatu eta emateko.

Estrategia zehatzik bai, mugimenduak irakasteko?

Bide bat baino gehiago erabil daiteke mugimenduak irakasteko, baina zabalduenetako bat izan da atentzio-guneak erabiltzea. Eta horiek, nagusiki, bi multzotan banandu izandu dira: a) gorputzaren barruko arreta-guneak (besoen, eskuen, hanken, buruaren… altuera, posizioa… edo barruko beste sentsazio batzuk); b) gorputzetik kanpoko arreta-guneak (esku artean dugun tresnan, edo ituan, edo pilotan… zentratuak).

Gorputzetik kanpoko atentzio-guneak, hobeak?

Wurf-ek hamabost urtetako esperientziak aztertu eta zenbait ondorio atera ditu bi arreta-gune nagusi horiei dagokienez. Labur-labur esan daiteke hobeki funtzionatu dutela, eta, beraz, emaitza hobeak lortu dituztela, gorputzetik kanpoko atentzio-guneek. Besteak beste, alor hauetan lortu dira emaitza hobeak:

  • Oreka hobea lortu da arreta-guneak oinen posizioan jarri beharrean, oinen azpiko plataforman edo inguruko erreferentzietan jarri denean.
  • Zehaztasun handiagoa lortu da golf pilotak kolpatzean, dardoak jaurtitzean… arreta-guneak gorputzetik kanpokoak izan direnena (pilota bera, itua…).
  • Giharren jarduera baxuagoa eta eraginkorragoa da kanpoko arreta-guneak erabilita (saskibaloian, adibidez, saskian zentratu…). Aldi berean, gihar-taldeen arteko elkarlana hobeki gauzatu da kanpoko arreta-guneak erabilita.
  • Indarra ere handiago izan da kanpoan jartzean atentzioa (jauzietan, pisu-jasotzeetan…).
  • Abiadura eta erresistentzia ere hobetu dira kanpoko arreta-guneren bat erabili denean (lasterketetan, pedaloetan, arraunean…).

Askoz ere adibide eta datu gehiago ematen ditu artikulu horretan Gabriele Wulf-ek, baina aski garbi gelditzen da frogatua emaitza hobeak lortzen direla gorputzetik kanpoko arreta-guneak erabiliz gero.

Nolako instrukzioak behar dira kontzentrazioa hobetzeko?

Arreta-gunea kontzentrazioari dagokio, ez beste ezeri; hori dela eta, asko zaindu behar dira mezuak. Egokiak eta zehatzak izan behar dira mezuak, askotan erabat aldatzen baita instrukzioaren esanahia hitz bakar bat aldatuz gero. Irudimena ere oso garrantzitsua da mezuak sortu eta ematerakoan: metaforak eta analogiak, adibidez, maiz erabiltzen dira. Mugimenduen helburuarekin lotzen dira zuzen-zuzenean irudimena erabilita emandako instrukzioak. Esaterako: “Eman pilotari ibaiaren azaleran harria txaplastaka botako bazenu bezala”. Kasu horretan, mugimendua erraz imitatzeko modukoa bada, askoz hobe. Edo, “ibil zaitez hanka-azpiarekin zigilua jarriko bazenio bezala gutun-azal bati”.

Badu eragina horrek guztiak ikaste-prozesuan?

Badira beste bi ondorio, gutxienez, azpimarratzeko modukoak:

  1. Mugimenduen automatismo eta kateatze hobeak lortu dira kanpoko atentzio-guneak erabilita.
  2. Zenbatenaz urrutiago egon kanpoko atentzio-gunea gorputzetik, hobea izan da lortutako emaitza.

Badirudi horrek guztiak zerikusi zuzena duela gure ikaste prozesuarekin. Hots, gorputzaren barruan jarriz gero atentzio-guneak, segituan hasten gara geure burua epaitzen, eta horrek askotan frustrazioa eta porrota besterik ez dakar, gorputza blokeatzeko aukera handia dagoelako. Ez da naturalagoa ikastea gure burua etengabe epaitzen ibili gabe? Ez dugu askoz ere hobeki ikasten mugitzen kortex zerebrala ilargian dagoenean?

Berdin dabil haurrekin, gazteekin, helduekin…?

Esperientzia horiek adin guztietako jendearekin egin dira (haurrak, gazteak, helduak), baita zenbait mugimendu egiteko arazoak dituzten talde batzuekin ere (gaitz neurologikoren batek jota daudelako, edo istripuren bat izan dutelako), eta guztietan baieztatu da emaitza hobeak lortzen direla kanpoko atentzio-guneak erabilita.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: