Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (34)

Tao Te Ching

Lao Tse

34

Tao handiaren jarioak bazter guztiak bustitzen ditu.

Gauza guztien sorburua da,

nahiz eta berak ezer ere ez sortu.

Bere obretan dena ematen du,

baina ez du ezer ere eskatzen.

Mundu asko eta asko elikatzen ditu,

baina ez dio bakar bati ere heltzen.

Apala dei dakioke,

den-denarekin bat egiten baitu

eta den-denaren bihotz-mamian ezkutatzen baita.

Handia dei dakioke,

den-dena beraren baitan desegiten baita

eta berak bakarrik irauten baitu.

Ez da antzematen haren handitasuna;

horregatik da egiatan handia.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

Behin baino gehiagotan aipatu dizkigun ezaugarriak hartzen ditu hizpidetzat atzera berriz Lao Tse-k: apaltasuna, eskuzabaltasuna, emankortasuna… Apaltasun horretatik abiaturik, askatasuna ematen dio jendeari Tao-ak “bideari” jarraitzeko edo ez. Ez da antzematen mezu proselitistarik; eta horrelakorik egotekotan, ez da gure inguruko beste tradizio batzuetan opatu daitekeena bezain gartsua.

Beste behin ere “bihotza” eta “beraren baitan” bezalakoak irakur ditzakegu kapitulu honetan, barnekotasunaren garrantzia azpimarratuz. Badirudi barruko bidaia egitea ezinbestekoa dela handia eta apala izateko; gutxienez, Lao Tse-k ulertzen duen moduan apala eta handia izateko. “Non nire gogoa, han nire txangoa” bada, pittin bat aldaturik, esaera zaharrak dioena, esan dezakegu gehienon “gogoa” kanpoaldean dagoela, eta ez barnealdean. Gure bizimoduak, behinik behin, halaxe erakusten du. Gure bizimoduak eta gure kulturak, dena baitago prestaturik kanporako bidaiak egiteko eta haien gaineko testigantzak jaso eta agerian uzteko nonahi. Kanporako bidaiak, toki “exotikoak” ezagutzera, gure eguneroko lanetatik eta zametatik “deskonektatzera”.

“Ez da antzematen haren handitasuna; horregatik da egiatan handia”. Uler dezakegu “handia” denak ez duela inongo lanik egiten (edo, egin behar) bere burua erakusteko, nabarmentzeko, eta hain zuzen horixe dela handia izateko behar den ezaugarri nagusietako bat. Galdera da: horrelaxe ulertzen dugu gaur egun kontzeptu hori? Alde batetik, gure kulturan ohitura bihurtu da geure burua behin eta berriz erakustea eta nabarmentzea sare sozialetan; erakutsi eta kontatzea zer egiten dugun une oro. Beste aldetik, etengabeko lehia batean bizi gara: kiroletan, ikasketetan, lanean, ekonomian…, beti ere erakutsi nahian nor den hobea, azkarragoa, aberatsagoa.

Ez litzateke hobe izanen gutxiago begiratzea gure buruari, eta kasu gehiago egitea inguruari? Kultura eta natura bat etorriz gero, mesede handia eginen genioke geure buruari.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: