Press "Enter" to skip to content

Tao Te Ching (36)

Tao Te Ching

Lao Tse

36

 

Nahi baduzu zerbait murritzagoa izatea,

aurretik hedatzen utzi beharko diozu.

Nahi baduzu zerbaitez aske geratu,

aurretik loratzen utzi beharko diozu.

Ezer eduki nahi baduzu,

aurretik eman izana utzi beharko diozu.

Pertzepzio burutsua deitzen zaio horri;

gauzak nolakoak diren eta nola gertatzen diren ulertzeko modu burutsua.

 

Bigunak mendean hartzen du gogorra.

Geldoak mendean hartzen du lasterra.

Utzi zure lanak estalian.

Jendeari lanen emaitza besterik ez erakutsi.

 

Stephen Mitchell-en bertsioa (moldatua)

 

Beste behin ere kontrakoen printzipioa ekartzen du Lao Tse-k kapitulu honetara. Oraingo honetan alderdi dinamikoa azpimarratzen du, garrantzi nagusia, berez, prozesuak baitu. Azken batean, geure burua etengabe egokitu behar dugu, aldaketak nonahi, noiznahi eta nolanahi gertatzen baitira naturan. Lao Tse-k azaltzen digu nola jokatu beharko litzatekeen, modu orokorrean, egokitzapenak behar bezala egiteko: pazientzia izan, modu burutsuan…

Bestaldetik, ohikoa izan da norberaren armak, abileziak, jabetzak… estalian uztea. Estrategia orokorra izan da, eta da, gerran, borroketan, negozioetan, norberaren gaitasunak eta ahalmena ezkutuan gorde, etsaia edo aurkaria ezustean harrapatzeko, edo, besterik gabe, jakingura hutsa dutenei egiazko errealitatea ez azaltzeko. Jabier Arregiren erantzun hau dakarkigu Lander Muñagorrik Goiena egunkarian: “Artzain bati galdetu omen zion behin zure gisako batek: “Zenbat ardi dituzu?”. Hark erantzun: “Zenbat uste duzu?”. Eta: “100?”. Artzainak: “Hortxe, hortxe”.

Emaitza, agerian; lanak, lanabesak, ahalmenak, abileziak… estalian. Batez ere, jakingura dutenak etsaiak, aurkariak edo kuxkuxero hutsak badira. Beste kontu bat da herritarrei ezkutatzea behar duten informazioa, gobernu batzuen ohiko jokabidea dena. Beraz, bada estalian utzi daitekeen informazioa, betiere garbi edukita marra non dagoen, estrategia hori ez baita egokia testuinguru guztietan.

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

%d bloggers like this: