Press "Enter" to skip to content

Unzue, Iordanov, Amatriain eta Soriaren debuta Tafallan, besteak beste

Nuñezen Espainiako txapelketa enkante bidez erabakiko da non eta noiz jokatu

Kartel paregabea prestatu du Kanku Eguzkizak, otsailaren 10ean, Tafallan jokatuko den ekitaldirako: Iordanov, Amatriain, Unzue, Etxarte eta David Soriaren debuta profesional mailan, besteak beste.

Cesar “Bam-Bam” Nuñezek Espainiako pisu ertaineko gerrikoa jokatzea zen lehen asmoa, baina Federazioaren mugimenduek ezinezko bihurtu dute lehia hori egun horretan jokatzea; enkante bidez erabakiko da non eta noiz jokatuko den “Bam-Bam” eta Damian Biachoren arteko guda.

Miamin Yuniel Dorticos munduko txapeldunarekin sparring egitetik dator Marin “Aizkora” Iordanov; ordainduzko boxeoan bost borroketatik lau irabazi ditu Burlatakoak; errekor txukunarekin aurkezten da, beraz.

Ander Amatriain ere txukun dator; bi eta hutsekoarekin. Pasa den urtean Anaitasunan egin zuen debuta nafarrak, eta boxeolari sendoa eta teknikoa dela erakutsi zuen. Asier anaiak amateur mailan borrokatuko du egun berean, Unai Arroioren aurka.

David Soriak lehen aldiz borrokatuko du profesionaletan. Urteetan amateur mailan erreferente bat izan ondoren, interes handia piztu du gerlari honen debutak.

Horrez gain, Nafarroako K1eko txapelketa jokatuko dute Adrian Rebolek eta J.A Cenborainek. Andres Unzuek, afizioaren miresmena irabazten ari den borrokalari gazteak, Toufik Azi marokoarra izanen du aurrean, eta Izan Ibiricu (Nafarroako K1 txapelduna, junior mailan) Edgar Teixeiraren aurka borrokatuko da.

Kartela ixteko, Kevin Molina eta Iker Azparren lehiatuko dira Kick Boxingeko araupean, eta Arte Martzial Mistoetan, nola ez, Ricardo Etxarte gudari handia lehiatuko da.

Ekitaldiko kartela:

 

Be First to Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude